Zigor Aldama: “Erreportajeetan kontatzen dudan istorioa anekdota soila ez izatea gustatzen zait"

hirinet 2014ko ira. 26a, 02:00

“Zerbait kontatzeko beharra” sentitu zuenean kazetari izatea erabaki zuen Zigor Aldama bilbotarrak.

 

Geroztik, 15 urte inguru pasa dira eta egun Vocento taldeko Txinako korrespontsala da baita Zazpika, Berria edo EiTB bezalako komunikabideen kolaboratzailea ere. Ekialde Urrunean aditua, Pakistanetik Timorrera bitartean dauden herrialde gehienetan egin du lan. Hitza eta irudia lagun, Asiako herrialde ezberdinetan gertatzen denaren “ikuspegi errealista eta zabala” marrazten saiatzen da. Egunotan Gasteizen izan da SETEM GKEk gonbidatuta, kazetarien topaketa batean parte hartzeko.

 

Ingeniaritza ikasten hasi zinen baina egun kazetaria zara Txinan. Zergatik?

Bai, hala da.. Kar, kar… Nire aita arkitektoa da, niri zientziak gustatzen zitzaizkidan eta familian ere hobeto ikusten zuten arlo honekin zerikusia zuen karrera bat ikasten banuen. Horrela, Ingeniaritza ikasten hasi eta orduan konturatu nintzen ez nuela gustuko. Aldi berean, argazkilaritza praktikatzen hasi nintzen; nire aitak oparitu zidan izan nuen lehenengo reflex kamara. Momentu horretan gertu neuzkan gatazkak irudikatzea gustatzen zitzaidan eta Belfastera joan nintzen, argazkiak egitera eta bide batez, ingelesa ikastera. Han emakume txinatar bat ezagutu nuen, maitemindu eta orduan hasi zitzaidan Txinarekiko grina hori. Ordura arte, herrialde horrek ez zitzaidan batere erakartzen eta hara joatean konturatu nintzen Txinaz pentsatzen nuena ez zetorrela bat errealitatearekin. Komunikabideen bitartez jasotzen genuen irudia desitxuratuta zegoela ikusi nuen. Horrela, Deia egunkariari nire lanak eskaintzen hasi eta Kazetaritza ikasten hasi nintzen EHUn.

 

Hortaz, zure kasuan, kazetaria izatea bokazio ala kasualitatea al da?

Biak dira, nire ustez. Bokazioa sortzen doan zerbait da, ez da jaiotzetikoa. Nire kasuan, ez nuen inoiz pentsatu kazetaria izango nintzenik, zerbait kontatzeko behar hori sentitu nuen arte. Argazkiak ez ziren nahikoak esan nahi nuen guzti hori transmititzeko eta orduan hasi nintzen idazten. Harrez geroztik, kazetaria izatea bokazioa da niretzat.

 

Urte asko eman dituzu Txinan. Arlo pertsonalean, zer eman dizu herrialde horrek?

Txinatik gehien interesatzen zaidana da zuzenean ikustea herrialdeak berak jasan duen aldaketa, izan ere, mundu mailan herrialde batek jasan duen aldaketarik azkarrena izan da Txinarena. Arlo guztietan eman da aldaketa; ekonomikoan, sozialean, etab. Hau guztia ikustea, ez bakarrik kazetari bezala baita pertsonal bezala ere, oso interesgarria da. Nik uste dut zortea izan nuela; 1999 urtean heldu nintzenean nahiko herrialde ezezaguna zen eta orduan hasi ziren aldaketak. Momentu eta leku aproposean nengoen eta horrek lagundu nau, gerora etorri diren kazetarien aurrean. Hortaz, transformazio hori ikustea da Txinan mantentzen nauena.

 

Nola irudikatzen duzu Txina 10 urte barru?

Oso zaila da jakitea. Ez zait gustatzen guru izatea, ikusi dudalako orain arte Txinaz egin diren aurreikuspen guztiek porrot egin dutela. Beraz, ez dakit. Baina hori da, hain zuzen, interesgarriena, ez dakigula zer gertatuko den. Hala ere, Txina bere horretan mantenduko dela uste dut. Ez dut uste krisi ekonomiko larririk pairatuko duenik ezta epe luzera erregimen komunista orain daukan zilegitasuna galduko duenik ere, askok diotenaren kontra. Arazo sozialak egon daitezke, esaterako, gatazka etnikoak Tibeten. Orokorrean, beraz, ez dut uste Txinako sistema eroriko denik hurrengo 10 urteetan.

 

Egokia al da hemen Txinaz dugun ikuspegia?

Gero eta handiagoa da hemen Europan Txinaz dugun ezagutza, baina oraindik ere gabezia handiak daude komunikabideetan. Hau da, izaera politiko eta ekonomikoa duten albisteen gehiegikeria dago eta askotan Txina maltzurtzeko joera bat dago, beti Txina “gaizto” hori agertzen da, azken finean, bertako sistema politikoa gorrotagarria iruditzen zaigulako. Horrela, alderdi ezezkorretan oinarritzen dira soilik, funtsezkoak diren alde positiboak baztertuz. Ezin dugu ahaztu, azken bi hamarkadetan Txinak 400 milioi pertsona pobreziatik atera dituela. Inork ez du halakorik lortu. Beraz, Mendebaldeko prentsa nahiko partziala dela uste dut baina egun interneten sortzen ari diren komunikabide berriekin eta sare sozialekin Txinaz daukagu irudia errealistagoa bilakatzen ari da.

 

Jakina da Txinan kazetariok trabak topatzen dituzuela zuen lana egiterako orduan. Zeintzuk izaten dira oztopo horiek?

Txinan kazetaria izatea oso zaila da. Txinako prentsa ez da librea eta guk atzerritarrok pribilegio batzuk baditugun arren, gobernuak zein bertako enpresek edo herritarrek autoezarritako mugak dauzkagu. Izan ere, Txinako gobernuak berak atzerriko kazetariek soilik herrialdearen irudi okerra plazaratzen dutela zabaldu du bere herritarren artean eta horren eraginez, norbait elkarrizketatu nahi dugunean gehienetan nahiko mesfidati agertzen da. Bestalde, ezinezkoa da iturri ofizialetara jotzea, ezin ditugu, esaterako, gobernuko partaideak elkarrizketatu. Gauza okertzen da gai ‘sensibleagoak’ jorratu nahi ditugunean, adibidez, Xinjiang-en inguruan hitz egin nahi baduzu, munduko traba guztiak topatuko dituzu bidean.

 

Aipatzen dituzun gai horiek, zuk aukeratu edo enkarguz egiten dituzu? Nola egiten du lan korrespontsal batek?

Vocento taldeko korrespontsala naiz eta El Pais egunkariko korrespontsal “laguntzailea” naiz. Horrez gain, bestelako komunikabideekin ere egiten ditut kolaborazioak eta bi noranzkoko elkarlana da. Batzuetan nik proposatzen dut gaia; bidaiatzen dut eta nahi dudan gaia lantzen dut eta gero erreportajea eskaintzen diet. Bestetik, normalean komunikabideek eskatzen dizkidate gaurkotasunari lotutako albisteak.

 

Zer izan behar du istorio batek zuk gai horrekin erreportaje bat egiteko?

Istorioa anekdota soila ez izatea gustatzen zait eta istorioak momentu horretan ikertzen ari naizen gizarte horren arlo sakon bat islatu behar du. Askotan gai kuriosoak eta dibertigarriak jorratzea tokatzen zait, batez ere, egunkariaren kontrazalerako. Baina erreportajeak egiten ditudanean, kasu konkretu batzuen bitartez gai zehatz baten inguruko ikuspegi errealista eta zabala marrazten saiatzen naiz. Adibidez, orain dela gutxi El Pais egunkarian Hong Kong-en etxeko lanen sektorean lan egiten duten emakume atzerritarrek pairatzen dituzten abusuen inguruko lana argitaratu nuen. Hori egiteko horietako bospasei emakumeekin hitz egiteaz gain, elkarte ezberdinekin eta gobernuaren erakundeekin hitz egin nuen eta gaiaren inguruko txostenak erabili nituen. Hortaz, niretzat egoera baten adierazgarri izan behar du, ez kasu konkretu bat.

 

 

SETEM GKEak antolatuta, ‘Kazetaritza konprometitua: tragedietatik harantz, borroka duintasuna lortzeagatik. Arropa Garbia Kanpainari buruzko elkarrizketa’ izeneko kazetarientzako topaketan parte hartu duzu. Baina, zer da, bada, kazetaritza konprometitua?

Nik ez dut Kazetaritza konprometituan sinesten, nik Kazetaritzan sinesten dut. Ez dut Kazetaritza aktibistan sinesten, Kazetaritzan baizik. Kazetaritza ezin da konprometitua izan, Kazetaritza Kazetaritza da, hau da, gertatzen dena kontatzea. Baina nire ustez ezin dugu Kazetaritza konprometituaz hitz egin, ez dudalako Kazetaritza aktibistan sinesten. Askotan honek alde batera uzten ditu garrantzitsuak diren gaiak, bilatzen dituzten helburuekin bat ez datozelako. Hori propaganda da. Gainera, Kazetaritza bera konprometitua da; kazetaritza botereek jendeari kontatu nahi ez diona azaltzeko tresna da. Kazetaritzaren helburu bakarra gertatzen diren kontuen inguruan informatzea izan beharko litzateke.

 

Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke?

Txinaren gorakada kontatzea oso interesgarria izan zen moduan, gainbeheraren berri ematea ere interesgarria izango litzateke, bi egoera hauen esperientzia bizitzeko. Jakina, ikuspuntu profesional batetik begiratuta. Ikuspuntu pertsonaletik begiratuta, nahiago dut krisirik ez egotea.

 

Atzerritik nola bizi izan duzu gure herrian ematen ari diren aldaketa ekonomiko eta politikoak?

Atzerritik kezka handiagoz bizitzen dela esango nuke, lehen esan bezala, albisteek txarrak izateko joera dute eta egunero berri ezezkorrak irakurtzea etsigarria da. Hala ere, krisiak ondorio positiboak izango dituela uste dut. Krisiak jendea esnatzeko, gauzak onera aldatzeko eta bidezkoagoak izaten lagunduko du.

 

Zein erreportaje daukazu orain esku artean?

Mongolian izan naiz orain gutxi eta hainbat erreportaje prestatzen ari naiz. Horietako bat urrea bilatzen duten meatzari ninjen inguruan izango da. Urtarrilean berriro bidaiatuko dut hara, hotz gehiago egitean duenean, Mongolian geratzen diren azken nomaden inguruko lana egitera, 35 gradu zero azpitik nola bizirauten duten kontatzeko.

 

 

Irudiak: Zigor Aldama

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago