Gaur hasi da Gasteizko Mintzalagunean 2014/15 ikasturtean izena emateko epea. ‘Biderkatu euskara’ lelopean, aurtengo izen emate kanpainak hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakutsi nahi du.
Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Gasteizen, esaterako, 650 dira mintzalagun taldeetan astero astero biltzen direnak.
Mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan; batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez.
Hau guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin. Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira eta astean behin biltzen dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez biltzeko konpromisoa hartzea dira.
‘Biderkatu euskara’ izen emate kanpaina honetan Asier Kidam mago gasteiztarrak parte hartu du eta “euskara biderkatzeko trukoa norberarengan” dagoela adierazi du.
Hortaz, zure euskara praktikatu, hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskal hiztunak ugaritzen lagundu nahi baduzu... eman izena Gasteizko Mintzalagunean!!
Matrikula on-line eta Informazio gehiago: www.gasteizkomintzalaguna.com
{youtube}knFV_82hxyY{/youtube}
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.