Sare sozialetan diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko zurrumurru faltsuak hedatzen ari direla salatu du Lanbidek

hirinet 2014ko ira. 22a, 02:00

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak salatu du etorkinek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta familientzako laguntza gisa jasotzen dituzten zenbatekoei buruzko zurrumurru faltsuak hedatzen ari direla sare sozialetan. Azken egunetan Twitter, Facebook eta Whatsapp bidez diru-laguntzei dagozkien bi ordainagiri zabaldu dira. Bertan diru kantitate handiak agertzen dira, baina Lanbidek azaldu bezala “atzerapenen ondoriozko ordainketei dagozkie”.

 

Eusko Jaurlaritzak argi utzi duenez, “Euskadin, behar ekonomikoko egoera duten pertsona guztiek dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Etxebizitzaren Prestazio Osagarria jasotzeko eskubidea, beren jatorria gorabehera, baldin eta hiru urtez bizi eta erroldatuta egoteko betekizuna betetzen badute”.

 

Hiru seme-alaba edo gehiago dituen familia batek 875 euro jaso ditzake gehienez Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta gisa (920 euro hiru seme-alaba edo gehiago dituzten guraso bakarreko familiek). Kopuru horri 250 euro gehi zaizkioke Etxebizitzaren Prestazio Osagarri gisa, alokairua ordaintzeko, dagokion kontratuarekin justifikatuta eta ordainketa-agiria aurkeztuta.

 

Horrela, kopuru horietatik gorako nominak, “sare sozialetan modu interesatuan hedatzen ari direnak, esaterako”, prozedura izapidetzerakoan izandako atzerapenen ondoriozko ordainketei dagozkiela argitu du Lanbidek. “Zenbait hilekoak izan daitezke atzerapenok”.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago