LOMCEk Lehen Hezkuntzan izan lezake eragina ikasturte honetan. Lege honen aplikazioa hiru arlotan gauzatzen da 14-15rako:
-Inguru ikasgaia bitan banatzea (Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak); Eusko Jaurlaritzak eskoletara bidalitakoan proposatzen du orain arte bezala egitea baina ikasturte amaieran bi nota jartzea, Natur eta Gizarte Zientziak ikasgaiak bereiziz. Leku gehienetan, guztietan ez bada, aldaketarik egin gabe ematen ari da ikasgaia.
-Erlijioaren orduan, Etikaren inguruko ikasgai berria ezarri behar zen, baina badirudi eskola gehienetan ez dela honela gauzatzen ari, eta aurreko urteetako dinamika bera eramaten dela.
-Lehen Hezkuntzako 3. mailan Ebaluazioa Diagnostikoa egin beharko litzateke, eta hala egiteko agindu du Eusko Jaurlaritzak. Ikusiko da egiteko garaia heltzen denean nola bideratzen den kontu hau eskoletan.
Beraz, LOMCE heldu zaigu guri, baina gu ez gara heldu LOMCEra; normala, gehienok hara ez genuen joan nahi.
Hozkirria sentitzen hasi da, hala ere: badirudi hainbeste aipatutako mamu hori badagoela gertu, egia dela, hemen dagoela. Askok itxaropena jartzen dute Madrileko balizko gobernu aldaketa batean, baina, zer nahi duzue esatea, benetan ez dakit aukera horretaz gehiegi fidatuko nintzen.
Konfiantza handiagoa daukat gure protesta egiteko ahalmenean, eta bideak egon badaude, mugimendu sozial, politiko eta sindikatuen eskutik, lege honen aurkako jarrera plazaratzeko, Araban bertan, Gasteizen bertan. Ez gara geldirik egongo.
Eta azkenean gauzak ongi ez badoaz eta LOMCE madarikatua ezartzen badigute, hau da, kasurik txarrenean, ikasle bati kamisetan irakurri nion esaldia har dezakegu aintzat: Galduko dugula badakigun arren, molestatzea geratzen zaigu beti.
Egilea: Josean Bueno