Egin Aylluko taldekidea den Antonio Escalante dokumentu honen datu aipagarrienak azaldu dizkigu.
Gasteizko alkatea Javier Marotok azken aldian sortu duen zalapartaren aurrean txostena prestatu duzue. Zer dela eta?
“Gasteiztartasun” zaharkituaren artean botoak irabazteko helburuarekin, Maroto magrebtar jatorria duten gasteiztarrak kriminalizatzen eta iraintzen ari da, faltsukeria, gezur erdiaketa gezur hutsak erabiliz. Aipatu kolektiboaren zati handi bat Alde Zaharreko bizilaguna da, eta Egin Ayllu auzo komunitatearen alde lan egiten duen kolektiboa denez, horren beharra barru barrutik sentitzen genuen.
Kontrainformazio hori zergatik ikusten duzue hain beharrezkoa?
Desinformazioaren aurkako tresnarik garrantzitsuena delako. Izan ere, desinformazioa da uztailetik hona Maroto eta konpainia sortzen ari direna. Hitzekin jolasten dute, esaten dituzten gezurrak baino gezur handiagoak aditzera emateko. Adibidez, magrebtar jatorria duen biztanleria gasteiztarraren gehiengoak gizarte laguntza jasotzen duela esaten badu, jendeak, orokorrean esanda, “laguntza” hori ekonomikoa dela pentsatuko du. Izan ere, laguntza ekonomikoa Udal Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duen gizarte laguntzen zati txiki bat besterik ez da, diruarekin zerikusirik ez duen hogei bat laguntza inguru eskaintzen baitituzte.
Beste alde batetik, kontrainformazioa funtsezkoa da eztabaida parametro orekatuetan birkokatzeko. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) hartzaileen gorakada, urtero EAErentzat 500 milioi euroko gastua suposatzen duena, ez da egungo egoera ekonomikoaren errudun, ezta pairatzen ditugun murrizketa sozialena ere. Araban ematen den iruzur fiskalak urtean 1.000 milioi gutxiago biltzea suposatzen du eta bankuei emandako laguntzak ere mila milioikoak izan dira. Kontuan hartu behar da ere alderdi politikoek egiten dituzten iruzurrak.
Kontrainformaziorik gabe, euren gezurren bidez sortu nahi duten “mundu birtualean” biziko ginateke. Hori bera biziki jasan dugu auzoan, ustez egiten ari ziren “biziberritze zoragarria” horrekin eta guk geuk bizi genuen errealitatearekin.
Asko eta oso bestelakoak dira azken asteetan gai honen inguruan argitaratu diren datuak. Zein iturri erabili dituzue txostena egiteko?
Oraingoan balorazioetatik ihes egin nahi izan dugu eta txostena irakurtzen duten pertsonentzat susmagarriak izan ez zitezkeen iturrietara jo dugu. Datuen gehiengoa erakunde ezberdinek, ikerketa akademikoek edo gaian adituak diren pertsonek egindako txosten eta ikerketa publikoetan dago. Kasu batzuetan, udalak berak emandako datuak erabili ditugu.
Txostenera etorrita, etorkinak diru laguntzetatik bizitzera datozela gezurra dela agerian utzi nahi duzue. Zeintzuk dira daturik aipagarrienak?
Migratzaileek diru-kutxa publikotik jasotzen dutena baino askoz gehiago ematen dutela baieztatzen dute txosten ezberdinek. 10 urteren ondoren, laguntza jasotzen jarraitzen duten magrebtarren kopurua (%7) bertakoena (%43) baina askoz txikiagoa da. Azken urteetan inmigranteen kopuruaren igoerak (EAEan zein Araban Estatuko batezbestekoa baino txikiagoa izaten jarraitzen du) ez ditu lanpostuak “kendu”, are gehiago, lanpostu berriak sortu ditu. Eta badira beste asko, baina zaila da bat edo bestea aukeratzea.
Zuen ustez, arrazakeriari gorazarre egiten al diote Marotok bota dituenak?
Argi dago Marotok badakiela esandako faltsukeriek sentimendu arrazistak elikatzen dituztela, horregatik bere jokaera hain da nazkagarria; esaten duena gezurra dela eta horrek berez zaila den pertsona inmigranteen elkarbizitzan eragin zuzena izango duela jakin badaki, baina bere hauteskunde-interesak sortutako berekoikeriaz begiratzen du soilik, udal besaulkia mantentzeko asmoz. Zalantzarik gabe, Maroto hiriko xenofobiaren eta arrazismoaren buruzagi bihurtu da.
Kontua auzietara heldu da eta orain, baita diputatu nagusiaren aldetik, SOS Arrazakeria elkartearen kontrako kanpaina hasi dute. Nola bukatuko du honek?
Lehenago aipatu bezala, kontu hau tamalez gasteiztarron egunerokotasunean eragina izaten ari da, bizikidetzaren kalterako. Alkatea, hedabide batzuen laguntzaz, “hemengoen” eta “kanpotarren” arteko distantzia handitzen ari da. Dinamika arriskutsua da eta neurtzeko zaila izan daitekeen gatazka bihurtu daiteke. Hilabeteak daramatzate herritar talde oso bat kriminalizatzen eta, antza, horretan segituko dute.
Alkateak hartutako diskurtsoak hauteskundeetan eragina izan dezakeela pentsatzen duzue?
Hori da Matorok egin duen kalkulua, horregatik magrebetik eta latinoamerikatik etorritako pertsonen arteko bereizketa diskriminatorio hori egin du, izan ere, latinoamerikatik etorritako askok udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea daukate.
Pentsatu nahi dugu PPk maniobra zikin honekin ez duela gasteiztarrak engainatuko. Oso larria litzateke ordezkari politikoek emaitzak lortzea egoera sozio-ekonomiko honetako pertsona ahulen gainean gezurrak eta faltsukeriak botaz. Gupidagabeko prozedura litzateke, kutsu faxistak lituzkeenak.
Txostenak zeresana sortu du azken egunetan eta komunikabide ezberdinetan txostenaren berri eman dute. Hauxe zen lortu nahi zenutena?
Norkbere analisiak eta ondorioak atera ditzan Gasteizko biztanleriari zenbait datu eta argudio eskaini nahi genion txosten honen bitartez. Helburu hau betetzeko asmoz, ahalik eta gehien zabaltzea nahi dugu eta horretarako kolaborazioa eskatzen dugu.
Dirudienez, dinamika horrekin jarraituko dute eta pisu handiko hedabideengan daukaten eragina kontuan izanda, zurrumurru gehiago sortzeko duten gaitasuna guk horiek desegiteko daukaguna baino askoz ere handiagoa da. Hori dela eta, hiritarrak “udal informazioa” jasotzen duten bakoitzean informazio hori kontrastatzera gonbidatu nahi ditugu. Honetarako ere lagungarriak dira txostenaren amaiera agertzen diren hainbat lotura.
Datu guztiak biltzen dituen dokumentua: ‘Marotoren gezurrak eta azpijokoak desmuntatzeko’ txostena