i20. Miribillako Bilbao Arenan historiaren lehen eguna

hirinet 2014ko ira. 19a, 02:00

Irailaren 20an historiaren lehen eguna izango da. Eta ondoan dugun eraikin honetan markatua dago hitzordua: arratsaldeko 6etatik aurerra Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arena honetatik hain zuzen ere.

 

Ez; ez gara tronpatu. Ezta; handinahikeriarik ere ez dugu. Historia erabakior bat egun seinalatu batetik abiatzen baita eta gure ibilbidean horixe dugu eguna: hilak 20 dituenean. Eta zurekin egin nahi dugu. Elkarlanean. Elkar ikusteko desiatzen gaude. Oinarri komuna eraikitzeko begien zintzotasunak dena esaten duelako. Elkarri entzuteko gogoz. Bidea nola egin modu emankorragoan marraztuko dugulako. Elkarri posible dela sinestaraziko diogulako.

 

 

Ezinbestekoa zara horretarako Ainhoa; zurekin egin nahi dut Andres; behar zaitugu Maialen. Baita zu ere, Sarai. Gonbida ezazu Andoni; esan Iker ere etortzeko; bere alaba Jarerekin, noski baietz. Eta amona Joxepa ere autobusean apuntatu, ordu eskas bateko bidaian areto ikusgarri honen atarian aurkituko delakoz. Kuadrilarekin etor dadila, denentzat tokia dago eta. Bilbao Arena betetzera goaz! Ondo entzun duzu: Bilbao Arena betetzera goaz! Uda amaitu aurretik, udaberri oparoago bat eduki dezagun: giza eskubideen errespetutik, konponbide baterako zurtoina hazteko, bake eskenatoki bat loratzeko. Honek ez al du merezi ala?!

 

 

Erreza da zein den gure historia aipatzea: dispertsioarekin bukatzera goaz. Ez da batere erreza izango berau gauzatzea, ordea. Baina horrek ez du esan nahi egingo ez dugunik. 25 urtez modu sistematikoan euskal preso politiko eta bere inguru hurbilari aplikatu zaion salbuespen neurri honek bere existitze egunak zenbatuak izango ditu baldin eta norbanakotik abiaturik, helburu komun berdinera gure ekarpen alea gehitzen badugu. Adostasuna ardatz; aniztasunaz jakitun. Indar bilketa iparrorratz. Estatu espainiar zein frantziar gobernu zentralen kontrako jokabidea ikusirik, euskal jendartearen aktibazio sozialetik eratorritako indarraren bidez dispertsioarekin amaitzeko erronkari eusteko gai garela deritzogu. Eta bide horri heldu nahi diogu Saretik. Gaurtik aurrera amaitu arte. Buka dadin behingoz.

 

 

Era askotan plazaratuko dugu behar hau; gogo hau; aldarri hau. Sare herritar honen lagun ugarirekin. Musikaren bitartez, ahots ezberdinez, irudiekin, denon parte hartzearekin. Guztion artean, #LorDezakegulako!

 

Egilea: SARE

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago