Araba Encounter topaketa abenduaren zubian ospatuko da Iradier Arenan

hirinet 2014ko azaroaren 5a

Abenduaren 6tik 8ra,  Araba Encounter ekitaldia ospatuko da Iradier Arenan. 

Ekitaldi informatiko hau uztailean BEC-en ospatzen den ekitaldiaren bertsio txikitxoagoa da. Topaketa honen antolatzailea Euskaltel fundazioa da; Euskalamiga elkartea koordinazioaz arduratzen da eta SPRI-k eta hainbat erakundek ere parte hartzen dute.

 

Topaketan izena emateko epea azaroaren 6an zabalduko da, Araba Encounter webgunean. Dena den, aurretiko izen-ematea jada irekita dago. Salduko diren sarrerak bi motatakoak izango dira. Alde batetik, bakarrik han eguna pasatzeko sarrerak salduko dira eta, bestetik, gaua ere han pasatzeko aukera eskaintzen duten sarrerak.

 

Ekitaldi honetan informatikaren profesionalak zein zaleak bilduko dira haien ezagutzak partekatzeko. Hiru egunetan zehar, aipatutako pertsonek segundo bakoitzeko giga bateko abiaduran konektatzeko aukeraz gozatuko dute.  Horretaz aparte, ekintza desberdinetan parte hartzeko aukera ere izango dute; tailerrak, hitzaldiak, arte digitala eta jokoak antolatuko dira, besteak beste.

 

Euskal Party

Honako hau ez da Gasteizen antolatuko den lehenengo ekitaldi informatikoa izango, 2001. urtean Buesa Arenan Euskal Party-ren beste edizio bat ospatu baitzen. Bertan 2.200 pertsona inguru bildu ziren. Urte berean Euskal Encounter-a Donostian ospatu zen eta, handik aurrera, beti BEC-en ospatu egin da.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago