Oskar Alegriak eta Bernardo Atxagak La casa Emak Bakia filmaren proiekzioa aurkeztuko dute Artiumen

hirinet 2014ko ira. 14a, 02:00

Artium zentro-museoak Oskar Alegria zuzendari nafarraren La casa Emak Bakia dokumentalaren proiekzioa eskainiko du  gaur, hilak 18, 19.00etan.

 

Bertan, Biarritz inguruan kokatuta dagoen etxe honen bilaketa kontatzen da, surrealisten erara zoriak gidatua. Izan ere, Man Rayk 1926an izen bereko pelikula egin zuen etxe hartan. Proiekzioaren ondoren Oskar Alegria eta Bernardo Atxaga idazlea solasean arituko dira pelikulari buruz.  “Haizea eta zoria hara eta hona dabiltza pelikula xarmagarri honetan, baina maisu baten eskua dugu gidari”, dio Atxagak filmari buruz.

Man Ray-k 1926an filmatu zuen Emak Bakia, Biarritz inguruan egin zuen egonaldi batean. Pelikulan, artista, argazkilari eta zinemagile iparramerikarrak bere ibilbidean zehar esperimentatu zituen teknika asko aurki daitezke: esposizio bikoitzak, rayographs, stop motion izeneko teknika baten bidezko animazioak, fokatze okerrak… Denborarekin, Emak Bakia Man Ray-ren pelikula enblematikoenetako bat bihurtu zen, eta eragin handia izan zuen Europako zinemagile askorengan.

Pelikularen izena eta bertan agertzen diren etxearen plano batzuk (ate nagusia, leiho bateko bi zutabe eta itsas-bazter zati bat) izan ezik, ez zegoen eraikina non egon zitekeen adieraziko zuen beste arrastorik, ez dokumentuetan eta ezta jendearen oroimenean ere. Oskar Alegriak bidaia bati ekingo dio kokapenaren bila, eta beste laguntzarik ezean, zoriaren eta haizearen laguntza “surrealista” bilatuko du.

 

Non? Artiumen Emanaldi aretoan. Sarrera doan. Toki mugatua.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago