.eus domeinu-izenak eskatzeko epea ireki da

hirinet 2014ko ira. 17a, 02:00

Hemendik aurrera edozein norbanakok, enpresak zein elkartek .eus domeinuak eskatzeko aukera izango du, izan ere, azaroaren 18ra bitartean .eus domeinua eskatu daiteke abiarazte-aldian.

 

Domeinuak eskuratzeko lehentasunezko fasea da abiarazte-aldia. Denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hortik aurrera fase irekia edo Erregistro Orokorra zabalduko da.

 

Oraingo fase hau, batez ere, elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu izenei bideratua dago, domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko du. Horrela, fase berri hau aurkezteko Josu Waliño puntuEUSen zuzendariak eman zuen prentsaurrekoan, lehenengo domeinu-izen eskariak egin dituzten hainbat ordezkari izan ziren, hala nola, EHUko errektorea Iñaki Goirizelaia edo Arabar Errrioxako Compañon Arrieta upategiko arduraduna Itxaso Compañon.

 

Urte amaiera bitartean 2.000 domeinu aktibatzea aurreikusten du fundazioak. “Lortu behar dugu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, soilik, euskararen inguruko domeinu baten gisara: euskal jendarte gizartearen domeinu izan behar du, euskal kulturarena, eta gure etxe azpian dagoen ile apaindegikoak duen webgunearena... Hori lortu behar dugu: .eus zabaltzea euskal komunitate osora”, adierazi du Waliñok.

Momentu honetan .eus domeinuaren Aitzindariak dira aktibatuta dauden .eus domeinu-izen bakarrak, guztira 92, horien artean, 9 enpresak dira, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta euskal kulturgintzari lotutako 46 entitate.

 

Erregistratzeko prozedura

 

Edonork eska dezake .eus domeinu-izen bat, .com edo .org bezala. Izan partikularra edo erakunde/enpresa/elkartea, izan hemengoa edo hangoa. .eus domeinu-izen bat eskuratzeko ez da eskatzailea nor den begiratuko, webgunea baizik. Domeinua eskatzeko pausuak hiru dira: www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoen begiratu. Eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu.

 

Informazio gehiago: www.domeinuak.eus

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago