Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen lehiaketa 12 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta parte hartzaileek bideoan jaso behar dute lurraldeko lekukotasunak, kontakizunak, esperientziak, bizipenak, pasadizoak edo ipuinak, zeintzuek euskarak inguruan duen presentzia eta transmisioa erakutsiko duten, familian zein gizartean, auzoan edo ondoko herrian hartuta; bai eta herri-atsotitz, joko, kanta edo tradizioak ere. Bere garaian Gerardo Lopez de Gereñu etnografo eta argazkilari arabarrak egin zuen moduan. Izan ere, Lopez de Gereñuk (1904-1992) historiaz, mendiaz, arteaz, toponimiaz, etnografiaz, Arabako herriez edota herri-jai, medikuntza eta botanikaz hainbat lan egin zituen. Gainera, argazkilari lanetan nabarmendu zen ekarpen ugari eginez bai artistikoki bai dokumentazio aldetik eta liburu edo artikulu sorta izugarria egin zuen Arabaz. Nabarmentzekoa da ‘Voces Alavesas’ (1958) izeneko lanean zenbateko balioa duten Lopez de Gereñuk jasotako lau mila hitzek lurraldean hitz egiten zen erromantzearen berri ematen baitzuten, jatorriz euskarazkoak zein gaztelaniazkoak izanda ere.
Nola eta nora bidali
Bideoak bidaltzeko bi modu daude: whatshapp edo telegram bidez 618079879 telefono zenbakira bidali edo www.nibanaxarabakoa.com web gunera igo. Lehiaketan izena ematen duten gazteek bakarka edo gehienez hiruko taldeetan parte har dezakete. Hizkuntzari dagokionez, bideoak euskaraz aurkeztu behar dira, baina lekukotasunak zein hizkuntzatan jaso diren errespetatu egingo da. Bideoak gutxienez minutu batekoak eta gehienez bost minutukoak izango dira.
Sariak
Guztira zazpi sari banatuko dira. Kategoria bakoitzean (12-16 eta 17-30 urte) bi sari, taldeka aurkeztutako kategoria bakoitzeko bideorik onenari beste sari bana, eta jendeak bozkatutakoari beste bat. Smart Phone, tabletak, Cines VESAren bonoak Florida Zinemarako, eta bi eguneko egonaldia sei pertsonentzat aterpetxe batean jarduera guztiak ordainduta.
Epea
Lehiaketan parte hartzeko azken eguna azaroaren 10a izango da.
Gerardo Lopez de Gereñu Sariaren III.edizioaren oinarriak
Informazio gehiago: www.nibanaxarabakoa.com