Gasteizko Arte Garaikideko museoak eta Belgradeko Arte Garaikideko Museoak (MoCAB) elkarrekin ekoitzitako lan honetan Europako Batasuneko 30 bat artistak parte hartu dute. ‘Indarkeria isila’ Euskal Herriak, Irlandak (Ipar Irlandak batez ere) eta Serbiak osatutako testuinguru geo-politiko batean sortu zen, estereotipoen arabera indarkeriarekin eta beldurrarekin lotzen diren tokiak. Baina testuinguru hori irudi estereotipatu hori gainditu nahi duen proiektu baten atze-oihala besterik ez da, eta esparrua Europara eta Nazioartera zabaldu da. Horretarako, erakusketa “indarkeria isilaren lurralde ezkutuetaraino” barneratu da, “ahalmen orokortzailea duen arazoa baita”, azaldu dute erakusketaren arduradunek. “Gonbidatutako artisten lanetan islatzen den edota ikertzen den indarkeriak baldintza sozioekonomikoetan gertatutako aldaketaren baten ondorioz sortutako hizkuntzari eta irudikapenari buruzko alderdiak» jasotzen dituzte, eta norbanakoen eta eragile geopolitikoen aurkako indarkeria kultural baten abiatzaile gisa hauteman daitezkeen politikak, zehaztu dute.
Besteak beste honako lanak ikusteko parada izango da: Ursula Biemann suitzarraren Black Sea Files (2005) lana, Caspio itsasoaren inguruko ikerketa-proiektu bat: munduan dagoen petrolioa ateratzeko toki zaharrenetakoa, non protagonistak oliobidearen inguruan bizi diren bigarren mailako aktoreak diren. Daniel García Andújar-en El capital. La mercancía (2014), Interneten azpi-mundu ezkutuaren inguruko bere esperientzia jasotzen duena, era guztietako legez kontrako eta ezkutuko jarduerekin lotua. Jonas Staal holandarraren New World Summit (2013), non demokraziaren jarduna berriz asmatzeko esparru gisa arakatzen baitu artearen alorra. Aurrerago, bisitariak beste artelan batzuk aurkituko ditu, besteak beste, duela gutxi hil den Harun Farocki artista eta zinemagile alemanaren In-Formation (2005), egunkari, testu-liburu eta eskolako beste argitalpen batzuetatik ateratako diagramen bidez osatutako bideo batekin Alemaniako immigrazioaren historia berregiten duena.
Erakusketa osatzeko, irailaren 30etik aurrera gaiarekin lotutako bideo-sorta bat proiektatuko da. ‘Indarkeria isila’ erakusketak Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du eta Culture Ireland; British Council Northern Ireland; ProHelvetia, Swiss Arts Council; Instituto Cervantes; Forum Austria eta Goethe Institut erakundeen laguntza.
Irailaren 12an, ostiralean eta 13an, larunbatean, erakusketaren gaiaren inguruko solasaldiak egingo dira, lehendabizikoa Blanca de la Torreren, María Ruidoren eta Francesc Ruiz-en artean, eta bigarrena, Zoran Erić-en, Vladimir Miladinović-en, Nikola Radić-en eta Dejan Kaludjerović-en artean.
Informazio gehiago: www.artium.org