Datozen egunetako protagonistek iragan ezezagun eta oso ezberdina daukaten arren, guzti-guztiek helburu berdina dute: behingoz, berotasuna emango dien familia baten kide izatea. Hamaika arrazoi tarteko, datozen egunetan ikusiko ditugun lau hankakoak Animaliak Babesteko Udal Zentroan bizi dira. Batzuek ehizan egiten ez jakiteagatik, nahi ez izandako kumaldi baten ondorioz edota kapritxo hutsa izanagatik izan dira abandonatuak. Asteburu honetan, aldiz, haien etorkizuna zeharo aldatu daiteke, horregatik, bere plantarik onenak erakutsiko dituzte ibiltokiaren gainean.
Hortaz, bainua hartu eta ondo orraztu ostean, eguerdiko 13.30ean, ibiltokira igo eta publikoa maitemintzen saiatuko dira etxerik gabeko katu eta txakur hauek. Larunbatean, El Chiringuito de Pepe telesaileko aktoresa den Begoña Maestrek aurkeztuko du desfilea. Igandean, aldiz, Itziar Gutierrez kazetariak hartuko du ardura hori.
Desfileaz gain, besteak beste, norberaren txakurrarekin argazki solidarioa egiteko aukera egongo da, Agility eta Dog Dancing erakusketak baita txakur heziketa tailerrak ere.