Horien arteko (des)oreka ikusita, ondorio batzuk atera ditut:
· Gasteizen, helduek ez dute euskarazko eskaintzarik behar; ez dago heldu euskaldunik, antza.
· Ez dago behar beste irakasle/monitore euskaldunik.
· Ez dago eskaerarik euskaraz. Jendeak nahiago du ikastaroak gaztelaniaz egin.
Hiru arrazoi posible horietako batek ere ez nau asebetetzen. Duela 30 urte ulertuko nuen, agian; gaur egun ez. Eta, gainera, neurri handiagoan edo txikiagoan horiek egiak direla onartzeak kezka areagotu baino ez liguke egin behar.
«Atsegin duzuna, euskaraz» dio programaren hasierako oin-ohar batek, «aukera duzu hainbat jarduera nahiz ikastaro euskaraz egiteko». Zehaztu beharko litzateke euskaraz hainbat ‘asko’ dela, eta ez ‘gutxi batzuk’. Izan ere, euskaraz dagoen eskaintza oso urria da, irrigarria.
Niri iruditzen zait interbentzio-maila handiagoa behar dela. Irudia zilegi bazait, euskarazko ikastaroak leku eta ordu erosoagoetan eskaini beharko liratekela, prezio merkeagoetan, lehentasunak markatuta…, positiboki diskriminatuta, alegia. Programako oin-ohar hori ez da nahikoa eta, gainera, gezurra dio.
Paralelismo bat egin liteke: haur-gazteentzat eskolaz kanpoko jardueretan bezala, helduentzat ere jarduera horietan gauzatzen da hizkuntzaren zentzu guztia. Euskara ez da osasuntsu bizi euskara ikasteko ikastaroetan; hori ez da helburua, absurdua da. Euskarak yoga, frontenisa edo eskiatzeko prestaketan hartzen du izate osoa, helmuga barik bitarteko atsegingarri bilakatzen den neurrian.
Egilea: Martin Rezola