Teknologiaren aurrerapenak: Telebista adimentsuak edo Smart TV

hirinet 2014ko ira. 10a, 02:00

Smart TV-ak ez dira biharko kontua, orain dela bi edo hiru urte daude salgai eta merkatuan oinarrizko telebistekin daude lehiatzen haien lekua betetzeko.  Hala eta guztiz ere, aurreko urtera arte ez dute gure bizitzan protagonismoa irabazi, hori bai, badirudi gogor sartu direla.

 

Bere izenaren jatorria Smartphone edo telefono adimentsuetan aurkitzen dugu, eta gailu horiek bezala, hauen helburu nagusia Internet eta telebistaren bateratasuna uztartzea da. Web 2.0 kontzeptua azaldu zenetik, teknologiaren kontsumismo pasibo batetik, kontsumismo aktibo batera pasatzen ari gara eta telebistei oraindik bultzada bat eman behar zitzaien. Horretarako, Smart TV-ek garrantzi handia izan dute, telebisten eta kontsumitzaileen elkarrekintzak errazten baitituzte, zer eta noiz ikusi haiei erabakitzen uzten. Gainera, Internetek eskaintzen duen  denbora errealeko informazioaz baliatzeko gai dira: eguraldia, posta elektronikoa edo sare sozialetako berriak telebistan kontsultatzeko aukera ematen.

 

Baina zer egin daiteke zehazki Smart TV batekin?

 

- Telebistan bertan sarea arakatu daiteke, ordenagailuetan erabiltzen dugun nabigatzaile antzeko batekin.

 

- Gure sakelakoan edo tablet-ean erabiltzen ditugun aplikazioak bezala, telebistan ere aplikazioak badaude. Nahiz eta aplikazioen eskaintza sakelakoena bezain zabala ez den, batzuk nabarmendu daitezke: Youtube, bideoak doan eskaintzen duen zerbitzu ospetsua; Skype, internet bidez telefonozko deiak ahalbidetzen duen zerbitzua; Facebook,  modako sare soziala edo Netflix, filmak edo telesailak erosteko edo alokatzeko zerbitzua. Aplikazioen eskaera, telebista markaren arabera aldatzen da. Sakelakoek bezala, telebista konpainia bakoitzak bere sistema eragilea dauka eta aplikazio batzuk, sistema eragile batzuentzako bakarrik daude prest. Dena den, konpainia guztiek badakite haien aplikazioen katalogoa erabakigarria izan daitekeela telebista bat edo bestea aukeratzeko eta gogotik dihardute lanean katalogoa handitzeko asmoarekin.

 

Labur esanda, Smart TV-a gailu bakar batean, ordenagailu, telefono adimendu eta telebista arrunten zerbitzuak bateratzeko teknologia da. Dena den, zure etxerako telebista adimentsu bat erostekotan bazabiltza, ez pentsa beste teknologiaz ahaztuko zarela. Smar TV-ek benetako telebista adimentsuei bidea ireki diete, baina oraindik lan handia dago egiteko. Kontuan izan behar duzu, ez direla ordenagailuak bezain ahaltsuak oraindik eta haiekin  sarea arakatzea eramangaitza bihur daitekeela.

 

Konpainiek norabide egokian daude, nahiz eta oraindik urrun egon benetan adimentsu den telebista bat lortzeaz. Telebista adimentsu batek iraganean ikusi dituzun kanaletan oinarrituz, zuri aurrea hartu beharko lizuke eta momentuan ikusi nahi duzuna asmatu. Edo zergatik ez,  gustuko duzun programa bat galtzen ari bazara, ez luke telebistak automatikoki grabatu beharko? Badirudi, denbora kontua dela eta itxaron beharko dugula oraindik ere pixka batean hurrengo aurrerapen teknologikoen zain.

 

Egilea: Sonia España Diez

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago