Gazteen artean hezkuntza emozionala suspertzeko jaio da AWAKE! egitasmo berria

hirinet 2014ko ira. 10a, 02:00

Ikasturte berriarekin batera, hezkuntza proiektu interesgarri eta berritzailea jarriko da martxan Gasteizen. AWAKE! du izena eta gazteen artean hezkuntza emozionala zabaltzea bilatzen du, hau da, “gure emozioak modu osasuntsu batean ulertzen, onartzen eta kudeatzen ikasten laguntzen digun” hezkuntza mota.

 

AWAKE!-ren atzean hiriko hezitzaileak, irakasleak, artistak, coach-ak, psikologoak edo terapeuta aurkituko ditugu. Denak boluntarioak. Horietako bat garapen pertsonalean eta osasun naturalean aditua den Irma Mier dugu eta datorren irailaren 11an aurkeztuko den egitasmoaren nondik norakoak azalduko dizkigu.

 

Zer da AWAKE!?

AWAKE! 16 eta 22 urte bitarteko adina duten gazteei zuzendutako proiektua da, zeinaren bitartez lagundu nahi diegun: euren burua hobeto ezagutzen; dituzten ahalmen, talentuak, gaitasunak eta nahi pertsonalak igartzen eta zabaltzen;  eta euren lan eta bizitza proiektua edo norabidea topatzen laguntzen. Beti ere, gizartearen eta planetaren onerako norberak gehitu dezakeen ikuspegi batetik.

Doakoa da, benetan interesatua dagoen edozein gaztek egin ahal dezan. Baina nahiz eta dirurik ez eskatu, bai lan konpromiso argia eskatzen zaie: euren partehartzea eta gogoak. AWAKE! baita ere proiektu hau eratu eta osatzen dugun pertsonen taldea gara.

 

Nondik dator proiektu hau sortzeko ideia?

Duela bi urte inguru, gaur geure taldeko koordinatzaile lanak egiten dituen neska batek, eta Gasteizen ideia honen bultzatzailea izan den Rakel Urtaranek, Bartzelonan martxan zegoen antzeko proiektu bat ezagutu zuen. Borja Vilaseca coachak sortutako “La Akademia” proiektu altruista. Estatuko beste hiri batzuetan ere martxan zegoela jakin zuenean eurekin kontaktu zuzenean jarri zen eta baimena eskatu zien hemen ere halako zerbait eratzeko. Behin Gasteizen bueltan, interes antzekoak ditugun zenbait lagunen eta ezagun profesionalen sare anitza sortu genuen eta urte eta erdi luzeko lan prestakuntzen ostean, azkenik, gure errealitate eta moduetara moldatua, AWAKE! argira aterako dugu, 2014-15 ikasturte honetan, hemen, Gasteizen, geure hirian, abian jartzeko asmoz.

 

16 eta 22 urte bitarteko gazteen artean hezkuntza emozionala zabaltzea da zuen helburua. Baina, zertan datza hezkuntza emozionala?

Lehendabizi, gizaki guztiok emozio anitzak ditugula jakitea eta horiek geure pentsamendu, jokaerak eta izaera baldintzatzen dituztela ohartzea.

Hezkuntza mota honek gure emozioak modu osasuntsu batean ulertzen, onartzen eta kudeatzen ikasten laguntzen digu: beldurrak, nahiak, haserreak, tristurak, poztasunak… Pentsamendu murritzaileak alde batera egiten eta pertsonen arteko harremanak eta elkar laguntza sendotzen. Hala nola, auto-estimua irabazten eta geuregan eta geure ametsetan konfiantza garatzen.

 

Zer egiten duzue hori lortzeko? Ze metodologia erabiltzen duzue?

Bederatzi  hilabetez, hiru ataletan banatutako lerro orokor batzuk jorratuko ditugu: auto ezagutza; garapen pertsonalerako tresnak eta gaitasunak; eta zer nolako eragin baikorra izan dezaketen gure ekintza pertsonalek gizarte mailan ohartuta, proiektu pertsonala. 

Astero, ostegunetako arratsaldetan, hiru orduko tailerrak egingo ditugu. Beti ere, taldean eta bizipen metodologian oinarrituta. Gai bakoitzak bere teoria azalpen laburra ere izango du, zertaz ari garen ondo ulertzeko. Baina laborategi esperimental baten antzeko giroan.

Hiru hilero neska-mutilek taldeko ebaluaketa egingo dute, ordura arte nola sentitzen diren jakiteko, zer interesatu zaien gehien, zertan sakondu beharko genuke, zer aldatu hurrengo baterako… Hitz batean, prozesua bide onetik doan eta nola hobetu jakiteko.

Ikasturtearen bukaeran, edo hurrengoaren hasieran, nahi duenak guztiekin elkar banatuko duen proiektu pertsonala, edo sormen proiektua aurkezteko aukera izango du. Zer ikasi duten, zer sortzeko gai diren adierazle, eta baita ere eurek bezalako beste gazteak motibatzeko ala animatzeko bide.

Norberaren ezagutza eta garapen prozesu horretan ere, gazteek banakako laguntza profesionala izango dute, bidea erreza eta interesgarria izan dadin.

Guzti hau aurrera eraman ahal izateko lan talde zabala dugu: tailer ezberdinak suspertuko ditugun hamar lagunez osatutako taldearekin, gazteen jarraipen eta laguntza pertsonala eramango duten profesionalen beste talde bat egongo da eta gai jakin batzuetarako behin behineko laguntzaileak izango ditugu.

 

Irabazi asmorik gabeko proiektua da AWAKE!. Zergatik? Zein da filosofia?

Badago, beste gauza askoren artean, proiektu honetan parte hartzen dugun pertsona orok konpartitzen dugun zerbait: gaztetan bizi izandako bilaketa esperientzia eta beharra: urtetan gurekin ibili zen galdera sorta: “Nik zer egingo dut nire bizitzarekin? Zertarako jaio eta bizi naiz? Zertan naiz ni ona? Zeintzuk dira nire talentuak? Zein izan daiteke nire ekarpen txikia bizi naizen gizarte hau aldatzeko, hobetzeko, guztien onurarako?”. Ezin genuen ulertu lan eta lanbidea soilik dirua ateratzeko modu bat bezala, zentzu sakonago bat bilatu eta topatu behar genion. Eta, eskerrak, urteekin lortzen joan gara, baina asko kostata! Jada ez gara horren gazte, baina oraindik, egungo gazterian hutsune hori sumatzen dugu. Murgilduta gauden horren materialista den gizarte eta hezkuntza sistema honetan, tarte txikia ematen zaio bihotzari, barne behar eta nahi sakonei, sormenari… Hutsune horretan gure hazitxo txikia gehitu dezakegula uste dugu eta horretan gabiltza.

 

Lan taldea osatzen dugun guztiok baditugu gure lanak: hezitzaileak, irakasleak, artistak, coach, psikologoak, terapeutak, giza suspertzaileak, sukaldari, yoga irakasle…  Proiektu honetan, bakoitzak bere neurrian, ahal dugun gure aisialdiaren zati bat jartzen dugu. Askok urtetan giza mugimenduetan eta boluntario taldeetan ibiliak izan gara, eta gazteekin egin izan dugu edo egiten dugu lan.

 

Hasieran azaldu dudan bezala, proiektu honetan benetan interesa duen edozein gaztek parte hartu ahal izatea da gure helburu. Dirua ez dadila oztopoa izan. Eta ekintzan gure printzipio eta baloreak jarraitu ahal izateko askatasuna ere garrantzitsua da guretzat. Horregatik dohainik, baina ez irabazi asmorik gabekoa! Irabaziak modu askotakoak izan daitezke, ez bakarrik ekonomikoak!: gure gizartea aldatzen lagunduko duen gazteri berritzailea eta formatuarekin konpartitu ahal izatea, aberastasun, garapen eta ikasketa pertsonala…

 

Momentuz eskatu eta izan ditugun laguntzak “espeziatan” izan dira, enpresa eta talde ezberdinen arteko sinergiak bilatzen saiatu gara. Adibidez,  Radix Alde Zaharreko elkarteak proiektuaren faseetan eta zabalpenean buru belarri laguntzen gaitu; baita ere Momik enpresak, bere printzipio sozialetan oinarritua, web orria, publizitatearen diseinua eta marketing plana egiten lagundu digu; bilerak kide batzuen lan tokietan egin izan ditugu, Kulturbide, Semilleroan,… Beste zenbait profesional liberalek formakuntza bereziak eman dizkigute; eta dena musutruk. Benetan eskertzekoa. Eurek ere proiektuan sinesten dutelako. Anekdota moduan, triptikoetarako eta materialetarako guk geuk jarri behar izan dugu “bote” gure poltsikotik…

 

Erakunde publikoei, esatereko, euren erabiltzaileen artean difusioa egiten laguntzea eskatu diegu, eta lokal publikoren bat erabili ahal izatea ikastaroa emateko. Dena den, erakunde publiko zein pribatuen laguntzetara irekita gaude: materialak, lokala, difusioa… Beraz, norbait animatzen bada, ongi etorria! Zuei ere eskerrik asko elkarrizketagatik! Hau ere bada laguntzeko modu bat.

 

 

AWAKE! egitasmoaren aurkezpena

Noiz? Irailaren 11an, ostegunean, 18.00etan

Non? Alde Zaharreko Enpresa Zentroan (Eskolak kalean)

 

Informazio gehiago: AWAKE!

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago