Eskaintzen digute lan prekario bat lau sosaren truk, eta, horrekin, arras urrun geratzen gara duintasunaz dugun kontzeptu zerutarretik, baina okerragoa litzateke langabezia erabatekoa, eta, beraz, gaitz erdi, gaitz erdi.
Azterketa soziolinguistikoek esaten digute gero eta jende gehiagok dakigula euskaraz. Azterketa horiek berek esaten digute, ordea, gero eta gutxiago egiten dugula; mihian ez, baina buruan bai, buruan askok dugula euskara. Eta gaitz erdi.
“Gaitz erdi”. Esaldi biribila; baita korapilatsua ere, zinez lausotzen baitu konformatzearen eta etsitzearen arteko muga. Gogorarazten baitigu ezen –matematika gorabehera– gaitz erdi ugarik, elkarri gehituta, askoz indar handiagoa izaten dutela on oso batzuek baino.