Aurten egun batzuk lehenago hasiera emango dio ospakizunari eta abuztuaren 2an zabalduko ditu ateak. Euskarapotea, pintxo bereziak, bokatak, argazki-deia eta lehiaketa, DJak, euskaraokea edo haurrentzako jarduerak izango dira bertan, beti ere, jai giroan eta euskara lagun.
Inaugurazioa abuztuaren 2an, larunbatean, 13.30ean izango da. Egun berezia izango da, izan ere, GEU elkarteak Pako Eizagirre euskaltzalea omenduko du.
Hurrengo egunean, igandean, haurren eguna izango da GEU txosna kokatuko den plazan eta 'IGANDEAK JAI familia giroan euskaraz' egitasmoaren saio berezia egongo da. Arratsaldeko 18.30etik aurrera, ‘Gaur jaia’ haur-berbena izango da Xilipurdiren eskutik. Ondoren, familiek ginkana berezi batean parte hartzeko aukera izango dute, non lokotx-bilketa edo saku lasterketa bezalako betiko jolasak egingo dituzten. Azkenik, eta indarrak berreskuratzeko, txokolatada goxoa eskainiko zaie.
Abuztuaren 4an Zeledoni ongietorria emateko leku aproposa topatuko dute gasteiztarrek GEUtxosnan. Arratsaldeko 17.00etatik aurrera giro paregabea izaten da bertan. Aurten gainera festa goizeko 04.00ak arte luzatuko da, izan ere, DJ Makala zarauztarrak musika dantzagarria jarriko du 00.00tik aurrera. Abuztuaren 7an DJ Bull-en txanda izango da eta Aihotz plaza girotuko du 01.30etik aurrera. Horrez gain, musika ez da faltako abuztuaren 5ean, 6an, 8an eta 9an, gaueko 01.30tik aurrera Euskaraokea izango baita GEUtxosnan.
Urtero bezala, GEUtxosnak jaiei indartsu aurre egiteko pintxo bereziak eta bokata mundialak eskainiko ditu, baita pote magikoa ere: EUSKARAPOTEA. Zatoz eta proba ezazu!
Gainera, #GEUtxosna argazki lehiaketa dibertigarrian parte hartu ahal izango duzu abuztuaren 2tik aurrera. Horretarako, atera argazki bat GEUtxosnan eta Whasapp (688 69 47 49) edo Twitter bidez (@geuelkartea aipatu eta #GEUtxosna traola erabili) bidali. Parte hartzaile guztien artean zozketa bat egingo da abuztuaren 9an eta irabazleek afari bat lortuko dute GEUtxosnan. Argazkiak egiteko photocall ezberdinak eta atrezzo dibertigarria eskuragarri izango dituzu!
Azkenik, oraindik jendea behar da GEUtxosnako txanda guztiak betetzeko. Anima zaitez eta aukeratu zure txanda!!
GEUtxosnaren egitarauaz gain, bestelako ekintzak ere izango dira Aihotz Plazan, hala nola, bertsolariak, kontzertuak, dantza plaza…
TRIKITIXA. 12:30ean
Abuztuak 5, 6, 7, 8 eta 9. Gasteizko Folklore Akademiako trikitilariak
BERTSOLARIAK. 13:30ean
Abuztuak 5. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña
Abuztuak 6. Bertsolariak: Irati Anda, Odei Barroso, Jagoba Apaolaza eta Jon Maia
Abuztuak 7. Bertsolariak: Oihane Perea, Etxahun Lekue, Ander Solozabal eta Unai Iturriaga
Abuztuak 8. Bertsolariak: Felipe Zelaieta, Iratxe Ibarra, Iñaki Viñaspre eta Beñat Gaztelumendi
Abuztuak 9. Bertsolariak: Xabi Igoa, Rubén Sánchez, Maialen Lujanbio eta Eneko Fernández
MUSIKA ETA DANTZA. 19:30ean
Abuztuak 5. Txistu Kontzertua. Txistulari Elkartea, Udal Folklore Akademia, Indarra Dantza Taldea.
Abuztuak 6. Ortzadar. Dantza-taldea
Abuztuak 7. Gaiteros de Elciego & Friends..
Abuztuak 8. Xabi Aburruzaga
Abuztuak 9. Vitoria-Gasteizko Udal Folklore Akademia. Dantza plazan
LARRAIN DANTZA ETA TXULALAI. 20:30ean
Abuztuak 4, 5, 6, 7, 8 eta 9. Udal Folklore Akademiako gaita jotzaileekin
GAUEKO KONTZERTUAK. 00.00ean
Abuztuak 5.Anne Etchegoyen & Aizkoa Abesbatza
Abuztuak 6. Hesian
Abuztuak 7. Zea Mays
Abuztuak 8. Txuma Murugarren & Angel Unzu