Guztira 33 ikuskizunek osatzen dute Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 39. edizioa

hirinet 2014ko abu. 20a, 02:00

Gasteizko Udalak Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 39. edizioaren egitaraua aurkeztu du. 

IAEMren (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutua) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du 33 ikuskizuneko Jaialdia garatzeko urritik azarora.

 

39 urteren ondoren, Nazioarteko Antzerki Jaialdiak bere izaerari leial izaten jarraitzen du, eta edizio honetan ere kalitate handiko programak eta berrikuntza garrantzitsuak eskainiko ditu. Egileen konpromisoa kultura publikoari hurbiltzea da, egitarau erakargarria osatuz, abangoardiako lanak, beste herrialde batzuetakoak eta alor ezberdinetakoak ekarriz, bai eta aktore eta zuzendari ospetsuak ere...; edukiengatik ez ezik, erraztasunagatik ere erakargarri izango dena.

 

Udazkeneko kultura hitzorduak eszena sorkuntzako alderdi berritzaile eta harrigarrienari erreparatzen dio. Guztira 33 ikuskizun izango dira: 6 atzerrikoak, 4 euskaraz, 10 bertako sortzaileenak, 2 erabateko estreinaldi, estreinaldi 1 Espainian, eta 9 estreinaldi Euskadin. Frantzia, Argentina eta Italiako konpainia handiekin batera, bertako sortzaileen aldeko apustu sendoa egin da, eta txikientzako ere egitarau ikusgarria osatu da.

 

Berrikuntzetako bat OFF LOCAL ekimena da, Antzerkia Zabaltzen atalaren barruan. Hiriko artistak sustatzeko programa da, eta horren bidez, Jaialdiak berak hiru ikuskizun benetan berezi ekoizten lagundu du: Historias por defecto, Bizi, heriotzari buruzko ipuin bat eta Doméstica.

 

Gainera, jaialdiaren egitarauan Euskadiko beste 7 konpainia daude: Tanttaka Teatro, Tartean, Krego Martin Dantza, Teatro Paraiso, Ortzai (Iker Ortiz De Zarate), Traspasos Kultur Eta Verdini Dantza Taldea.

 

Bestetik, 4 lan euskaraz izango dira: bi Principal Antzokiko helduentzako atalean, Euskarazko Antzerkiaren Abonamenduaren barruan: Pankreas, Barealdi Majikoa, Spazeko Zarama eta Lorategian.

 

Sarrerei dagokienez, Last Time Ticket/azken orduko sarrera "AOS" aukera eskainiko da, hots, 30 urtetik beherakoentzako % 50eko deskontua ikuskizunaren egunean, ordubete lehenago, leihatilan eta telefonoz bakarrik. Langabeek, berriz, % 25eko deskontua dute, herritar guztiek kultura eskuratzerik izan dezaten.

 

Azkenik, aurtengo beste berritasun bat umeentzako bisita gidatuak dira, ikuskizun baten muntatzea zuzenean ikusterik izan dezaten. Izan ere, helduentzako bisita gidatuek oso harrera ona dutenez, aurten 8 eta 13 urte bitarteko haurrei eskainiko diete, antzokiko zirrikituak ezagut ditzaten.

 

Informazio gehiago: Nazioarteko Antzerki Jaialdia 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago