Hori lortzeko, ekainaren 18an crowdfunding bidezko diru-bilketa martxan jarri zuen www.karena.eu plataforman, euskarazko lehenengo crowdfunding atarian, alegia. Proiektuaren arduradunek esan bezala, “Gasteizko euskarak ere baduela ahotsik erakutsi nahi dugu proiektu honetan. Izan ere, orain artean, herri-hizkera jaso izan dugu Ahotsak.com-eko testigantzetan, baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizi-bizirik dagoela erakutsi nahi dugu”. Egitasmo honen bitartez, gasteiztarren lekukotasunak ere bildu nahi dituzte, euskara nola bizi duten jakiteko, euskaraz nola bizi diren ezagutzeko.
Guztira, 4.030 euro lortu ditu proiektuak, pertsona ezberdinek egindako ekarpen ekonomikoei esker. Hori dela eta ahotsak.com-ek eskerrak eman dizkie laguntza eskaini dioten guztioi, laguntza honi esker, posible izango baita aurreikusitakoa burutzea. “Diru ekarpena egiteaz gain, proiektuari buruzko informazioa hedatzen eta berau sustatzen ibilitakoak ere ez dira gutxi izan”, zehaztu du.