DJ Makala: “Kanta oso alaiak eta dantzagarriak jarriko ditut GEUtxosnan, jendea gustura sentiarazteko”

hirinet 2014ko uzt. 31a, 11:00

Abuztuaren 4an, gaueko 00.00etatik aurrera, DJ Makala izango Aihotz plazan kokatuko den GEUtxosnan.

 

Happy Sound-a, musika dantzagarria eta jai giroa izango dira nagusi, disko jartzaile, musikari eta ekoizle zarauztarraren helburu nagusia “jendea pozik eta gustura sentiaraztea” baita.

 

Zer eskainiko diezu gasteiztarrei GEUtxosnan?

Disko jartzaileen helburua jendea dantzan jartzea da eta batez ere festa giroan ahalik eta gehiago. Hortaz, hori izango da helburua. Kanta oso alaiak eta dantzagarriak jarriko ditut eta asmoa da GEU elkartearen txosnan jendea gustura sentiaraztea.

 

Hortaz, zure Happy Sound delakoaz disfrutatzeko parada egongo da, ezta?

Happy Soundlelo bat da. Orain dela hiru-lau urte kaleratu nuen kantu baten izena da, doinu alaia edo. Beti hori izan da pixka bat nire leloa. Beste batzuek beste musika mota bat lantzen dute, musika ilunagoa, esaterako, bere identitate zeinu moduan. Nire kasuan, berriz, alaitasuna, gustura eta pozik egotea eta dantza egitea dira nire identitate-markak.

 

Zure egutegia kontzertuz eta ekitaldiz beteta dago. DJ batentzat uda ez da atseden hartzeko garaia…

Bai, hala da, uda da gehienbat musikariok eta disko jartzaileok lan egiten dugun garairik potenteena. Zentzu horretan, orain ere banabil orain bi urte sortu genuen MJFB taldearekin. Funk, jazz, soul doinuak jotzen ditugu eta momentu honetan boloak ematen gabiltza hemendik eta handik. Horrekin batera, disko jartzaile aritzen naiz eta beraz, lanpetuta oso.

 

Izan ere, orain gutxi aipatu duzun Makala Jazz Funk Band taldeak bere bigarren lana kaleratu du.

‘Passion Fruit’ da  EP berriaren izena. Lau kantuko disko txiki hau taldearen estudioko bigarren emaitza da, doinu epel eta erakargarriz osaturikoa. Modu batean, lan berri hau MJFB taldearen lehen disko luzearen aurrerapena da. Izan ere, kantuetako bi etortzear den disko horretan agertuko dira. Beste biak aldiz, Orrua izenburuko lehen EParen moldaketak dira. Disko luzea irailean hasiko gara lantzen eta espero dugu urte amaieran kalean izatea.

 

Aldi berean, DJ bezala lan egiten jarraitzen duzu eta ekainean, esaterako, Erresuma Batuko Glastonbury Festivalean izan zinen. Zer moduz esperientzia?

Ohore eta zorte handia izan zen bertan egotea. Bertan hiru emanaldi eman nituen eta niretzat izugarrizko aukera izan zen munduko jaialdirik handienetarikora joatea.

 

Hain zuzen, musikari batentzat Euskal Herritik kanpo bere lana eramatea oso garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, nire kasuan behintzat bai. Nik musika jartzeaz gain, musika ere ekoizten dut eta alde horretatik, nik egindako lan horiek kanpoan erakustea gustatzen zait. Aspaldi hasi nintzen atzerrian birak egiten, disko bat besapean dudanean, esaterako. Zentzua dauka zerbait plazaratzen duzunean berehala erakustea.

Bestalde, MJFB taldearekin momentuz Euskal Herritik gabiltza baina datorren urtean ziurrenik salto egingo dugu kanpora, eboluzio logiko bat mantenduz. Era berean, nahi dut taldearen kantu horiekin, ez bakarrik nik, baizik eta nire sareko lagun edo adiskideak diren beste herrialdeetako DJekin, erremixak sortzen joatea. DJok erremix asko egiten ditugu. Azken finean, erremix bat kantu bati beste ikuspegi bat ematea da, dantzalekura begira, adibidez.

 

Abesti baten nahasketa egitea erraza dela ematen du. Hala da?

Nik beti adibide bera erabiltzen dut. Orain modan dagoen Masterchef programa oinarritzat hartuko dugu. Hamar osagai hartzen badituzu, pertsona batek eta beste batek ez dute plater berdina egingo, ezta? Azken finean, erremixekin gauza bera gertatzen da. Norberak ematen dion tratamendua ezberdina da eta non ikusten duzu arrakasta? Bada, jendearen aurrean jartzen duzunean, publikoaren erreakzioarekin. Ez da batere erraza erremix on bat egitea, zaila da, bai.

 

20 urte pasa dira musika munduan murgildu zinenetik. Nola aldatu da DJ Makala denbora horretan?

Bai, aldatu da, noski, kar kar… Nik beti esaten dut kandelaren garra bizirik dirauela eta hori oso garrantzitsua da. Azkenean, musika maite behar duzu eta melomano bat izan behar zara. DJ batek beti dauka harreman oso estua musikarekin. Gauzak aldatu dira, bai, adibidez, jende gehiago ezagutzen duzula… Baina, egia esan, berdintsu jarraitzen dut. Nik nahi dudana da jarraitu ahal dudan moduan, bizirauten musika inguruan. Baina ez bakarrik DJ bezala, baita antolatzaile edo ekoizle bezala ere. Bere garaian musikaren aldeko apustua egin nuen eta horretan jarraitzea da nire misioa.

 

Denbora honetan musika ekoizteko eta kontsumitzeko modua ere aldatu da. Zuk nola bizi izan duzu aldaketa hau?

Gu gaztetan, 14-15 urterekin cassetteak eta biniloak erabiltzen genituen. Gero beranduago CDa eta orain MP3a, eta zentzu horretan egia da euskarria aldatu dela. Baina nik ez daukat horrelako obsesiorik euskarriarekiko, alegia, nik badakit DJ askok uko egiten diotela biniloa ez den formatu guzti horiei. Baina nik ez daukat inongo arazorik nire DJ ikuspegitik eta baita pertsonalki ere. Eboluzioak gauza onak eta txarrak ditu, baina onerako izango dela pentsatzen dut.

Gero hor dago musika kontsumitzeko modua. Egun gazteek 30 segundorekin nahikoa dute eta berehala nahi dute beste bat. Eta hori kezkagarria da, ez baitiote guk ematen genion balioa ematen. Guk diskoa erosten genuen, hasieratik amaiera arte entzun, azala eta letrak aztertzen genituen… Baina, tira, hori ere bizitza bezalakoa da… Musika mugikorrean entzuten dute, ez dute erosten kasu askotan. Dena den, ez nuke esango hori ezkorra denik, ezberdinak baizik. Ni saiatzen naiz haiei esplikatzen, slow food-a bezala, janari azkarra jaten duzunean, hanburgesa bat patata frijituekin jaten baduzu, betetzen dizu baina ezin duzu egunero hori jan. Hortaz, nik esaten diet streamingarena ondo dagoela, baina diskoren bat atsegin baduzu, eros ezazu eta hobeto dastatu. Horiek dira eboluzioaren gauza positibo eta negatiboak.

 

Irudiak: dj.makala.info

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago