Arabako Udalekuetan lan egiten duten begiraleek euren lan egoera “prekarioa” salatu dute

hirinet 2014ko uzt. 28a, 02:00

Arabako Udalekuetan lan egiten duten begiraleek euren lan egoera “prekarioa” salatu dute, komunikabideei bidalitako gutun baten bitartez.

 

Lan-gatazkei irtenbide bat bilatzeko dialogoan oinarritutako pausuak eman dituztela azaldu dute bertan eta Arabako Foru Aldundiari eta aurtengo Udalekuak kudeatzen dituen enpresari euren egoeraren berri eman diote. Horrela, uztailaren 18an 80 sinadura biltzen zituen gutuna bidali zioten Aldundiari baina erantzunik jaso ez dutela adierazi dute.

 

Gutunean azaldu duten moduan, “langileen estatutuen barruan araututa dauden lan-baldintza minimoak ez dira betetzen”. Besteak beste, kontratuan lanaldia astelehenetik igandera, 40 ordukoa dela adierazi arren, errealitatea oso bestelakoa dela salatu dute begiraleek; “egunean 24 lan-ordu dira gu egoten garenak umeen beharrei erantzuten, horrez gain, lan-ordu estrak nahiz gaueko orduen plusak ez daude aitortuta”. Horrekin batera, “guri ahoz 10, 20 ala 30 eguneko lana burutuko dugula esaten badigute ere, 10 egunetarako soilik sinatzen ditugu. Ezbeharren bat egonez gero, begiraleontzat galera handia suposa dezake guretzat: alde batetik, enpresak kontratua sinatzeari uko egitea; eta bestetik, aldez aurretik adostutako lan-egun kopurua ez betetzea edo murriztea”.

 

Medikuaren zerbitzuaren murrizketa ere salatu du kolektibo honek, aurten ez baitauka 24 orduko zerbitzurik. “Irla baten barruan gaudela kontuan harturik, edozein larrialdi edo ezbeharren aurrean, aurreko urteetan bezalako kondizioak ez daudela esan dezakegu, hemen gauden guztion kalterako”, argitu dute.

 

Azkenik, euren lana egiteagatik jasotzen duten soldata “duina” ez dela salatu dute. “EAEko begiraleen soldatak aztertuta, desberdintasun nabarmena ikus daiteke Araban lan egiten dugun aisialdiko hezitzaileon soldatetan eta urte honetan soldaten jaitsiera sumatu dugu”, zehaztu dute.

 

 

Hauxe da Arabako begiraleen lan-baldintzak aldarrikatzeko egin duten bideoa:

 

 

 

 

 

 

 

 

Arabako Begiraleek euren arazoa gizarteratu nahi dute modu honetan eta egoera  hau urtero pairatzen dutela jakinarazi nahi dute. “Egoera hau hainbeste urtetan luzatzea, momenturen batean gure lan egiteko moduan islatzea suposa dezake, eta hori gertatzean, begiraleok bakarrik ez dugu hura jasango, umeak ere kaltetuak  bilakatuko baitira”, argitu dute.  Halarik ere, argi utzi nahi dute momentuz euren lan-egoera honek ez duela egunerokotasunean eraginik izan.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide