Ilusioz beteko ditu Magialdiak astebetez Gasteizko kaleak

hirinet 2014ko ira. 8a, 02:00

Magiaren agertoki bihurtuko da Gasteiz, berriro ere, irailaren 15etik 21era bitartean. Astebetez, ekitaldi ugari eskainiko da Magialdia jaialdiaren XXVI. edizioan.  

 
Orotara, hainbat herrialdetatik (Frantzia, Suitza, Italia, Estatu Batuak, Argentina eta Espainia) etorritako 30 artista baino gehiagok 70 ikuskizun eskainiko dituzte. Emanaldiak 20 agertoki ezberdinetan izango dira. Esaterako, nazioarteko galak Principal Antzokian eta Europa Bitzar Jauregian izango dira. Gainontzeko ikuskizunak erdialdeko erakusleihoetan zein Plaza Berrian izango dira ikusgai.
 
 

Urte batzuk dira Magialdia elkartasun gala antolatzen hasi zenetik, eta aurtengoa, Stop Sanfilippo elkarteari egokitu zaio. Sanfilippo sindromea haurren alzheimerra bezala ere ezaguna da eta honen inguruan ikertzen ari da Gurutzetako Ospitaleko Pablo Sanjurgo medikua. Irailaren 20an izango da elkartasun gala Vital Kutxa Fundazioaren aretoan (Dendaraban) eta bertan Nacho Diago mago valentziarrak ‘Dias de nocilla y magia’ ikuskizuna eskainiko du. Sarrerekin lortutako etekinak aipatutako elkartera bideratuko dira.

 

 

Bestetik, magia ibilaldien bitartez ilusionismoa hurbiletik ikusteko aukera egongo da, kamerarik gabe eta jende gutxirekin. Betiko lekuetara –Sokaren Etxea, Bibat museoa eta Ortzairen aretoa– beste agertoki bat gehitu da aurten: Goiuri jauregiko Erdi Aroko dorreko aretoa.

 

 

Gainera, aurten, Ignacio Aldecoa kultura etxearekin batera zenbait ekintza antolatu dira. Kultura etxeak magiari buruz daukan liburu bilduma handia aprobetxatuz, irailaren 8tik aurrera, magia funtsei buruzko irakurketa gida bat eskainiko zaie erabiltzaileei. Magiarekin lotutako antzinako kartelen erakusketa ere jarriko da bertan.

 

 

Azkenik, irailaren 13an, haurrentzako magia saioa izango da Ignacio Aldecoa kultura etxeko atzealdean, uraren lorategi sekretua delakoan. ‘Magas antiguas y modernas’ emanaldia ez ezik, liburutegian bildutako zenbait lanen egileekin mahai ingurua ere egingo da.

 

 

Informazio gehiago: Magiladia XXVI. jaialdia Internazionala

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago