Iaz Gasteizko Udalak onartu zuen animalien ordenantza berriak ospakizuna kolokan jarrizuen, eztabaida piztuz. Tradizioa eta animalien eskubideak aurrez aurre jarri ziren.
ATEA Animaliei Tratu EtikoaEmatearen Aldeko elkarteak lasterketa debekatzeko eskatu du behin eta berriz, “abereei sufrimendu fisiko eta psikologikoa eragiten dielako”. Sindikoak berak ere, Gasteizko herritarren defendatzaileak, lasterketa bertan behera uzteko eskatu zuen. Hala eta guztiz ere, iazko Asto lasterketa ohi bezala ospatu zen eta aurten horrela izango dela aurreikusita dago.
ATEAk egoera horren aurka borrokatzen jarraitzen du, aurten are gehiago, 2014ko urtarrilaren 4an indarrean sartu baitzen Gasteizko Udalaren Animaliak Edukitzeari eta babesteari buruzko udal ordenantza berria. Lege honetan eta Eusko Jaurlaritzako 6/1993 legean (4.2 artikulua) oinarritzen da lasterketa “lotsagarri” honen debekua eskatzeko. Zehazki, udal araudi honek debekatzen du “animaliak baliatzea ikuskizunetan, zirkuetan zein kultur nahiz erlijio ospakizunetan eta beste edozein jardueratan, baldin eta horrekin mina eragingo bazaie, edo sufrimendua, degradazioa, parodia, iseka edo naturaz kontrako trataera badakarte berekin, edo ikusten dutenak mindu baditzake”. Udalak artikulu hau urratzen duela uste du ATEAk, bere esanetan, “asto lasterketa zaldi lasterketa baten parodia hutsa baita”. Horrez gain, iaz 30 pertsona inguruk astoekin egiten den jarduera hau salatu zuten minduta sentitu zirelako. “Udalak ez zuen salaketa hauen aurrean ezer egin eta beraz, araudia urratzen ari da”. Horrez gain, Gasteizko alkatea Javier Marotorekin ere bildu direla azaldu digu Kepa Tamames ATEAko lehendakariak, “baina kontuak bere horretan jarraitzen du”, adierazi du Tamamesek.
Ordenantza berriarekin jarraiki, “animaliei tratu txarra ematea, edo sufrimendua, mina edo larritasuna eragin liezaiekeen edozein jardueraren pean jartzea” debekatzen du. “Tratu txarra ematea modu askotan interpretatu daiteke, baina gure ustez, zentzu zabalean irakurri behar da: tratu txarra ere bada psikologikoa”, argitu du Tamamesek. Hori dela eta, astoekin “enpatia” izan dezaten eskatzen die ATEAK gasteiztarrei. “Besteen lekuan jartzea inportantea da eta jendeak ulertu behar du animaliak jarduera horretan ez duela ondo pasatzen”, argitu du elkarteak. Izan ere, albaitariek egindako txosten tekniko ezberdinetan oinarritzen da ATEA astoek sufritzen dutela adierazteko. ANPBAk (Animalien babeserako eta ongizaterako elkarte nazionala), esaterako, lasterketan bizirik dauden animaliak ez erabiltzeko eskatu dio Gasteizko udalari. Elkarte hau Hannoverreko unibertsitateko Wila Bohnet etologoaren ikerketan oinarritu da eta “mugimendu azkarrak eta zarata handia dagoenean astoak beldurtzen direla eta euren ohiko ingurutik ateratzen direnean ohitzea asko kostatzen zaiela”, adierazten du. ANPBAk alternatiba gisa atrezzozko animaliak erabiltzea proposatzen du.
Azkenik, aipatu ordenantza berriaren beste artikulu bati erreparatzen dio ATEAk debekua eskatzeko, konkretuki, animaliaren“izaerari ez dagozkion portaera edo jarrera desegokiak harraraztea, edo tratu iraingarria ematea” debekatzen duenari.
Horrekin guztiarekin asto lasterketa hiriaren irudiarentzat kaltegarria dela dio ATEAk. “Asto lasterketarik gabe Gasteiz hiri hobeagoa izango litzateke, gasteiztarrak hiritar hobeagoak izango lirateke”, uste du ATEAk.
Blusen eta Nesken Batzordearen jarrera
Polemikaren bestaldean Blusen eta Nesken Batzordea aurkitzen da. Luis Izaga batzordearen lehendakariak ATEA elkartearen jarrera ulertu eta errespetatzen dutela adierazi dio Hirineti, “beti ere errespetuz egiten denean”. Asto lasterketaren aldeko defentsa egiteko hiru dira batzordeak eman dituen premisak. Hasteko, “hiritarrak lasterketaren aldekoak” direla dio, “horrela adierazten baitu joaten den jendeak”. Horrez gain, batzordean dauden koadrila guztiak jarduera hau egitearen aldekoak direla argudiatu du Izagak. Azkenik, udalak lasterketa egiteko baimena ematen diela azaldu du: “eskatzen dizkiguten baldintza guztiak betetzen ditugu eta besteak beste, albaitaritza zerbitzu bat kontratatzen dugu lasterketaren kontrola egin dezan”.