Guztira, 34 lanek parte hartuko dute zinema eta musika uztartzen dituen Korterraza jaialdian, aurten berritasun nabarmen batekin: ‘terraza’ lekuz aldatu eta Artium museoan kokatu dute. Uztailaren 31tik abuztuaren 2ra ospatuko den Korterraza jaialdiko zuzendaria Xabi Vitoriarekin solas egin dugu.
Bost urte beteko ditu Korterrazak eta leku aldaketa batekin ospatuko du, izan ere, Artium museoan izango da aurten. Zergatik aldaketa hau? Zergatik Artium?
Hiru dira arrazoiak. Batetik, hazteko dugun grinagatik. Bestetik, jaialdi bat egiteko leku aproposagoa delako, batez ere, Andra Mari Zuriaren enparantzan egitean etengabe pasatzen direlako autobusak kontzertuetan eta proiekzioetan. Azkenik, euria egiten badu, Artiumek jaialdia aurrera ateratzeko aukera bermatzen digulako.
Aurten 34 laburmetrai aukeratu dituzue, guztira 598 zeudelarik. Ez da lan makala. Nola aukeratzen dituzue? Zeintzuk dira kontuan hartzen dituzuen irizpideak?
Lehendabiziko urtean erabiltzen genituen irizpide berdinak mantentzen ditugu, hauek baitira gauden lekuraino ekarri gaituztenak. Alde batetik, proiekzioa ona izan dadin, irudiaren eta audioaren kalitatea bilatzen dugu. Bestalde, terraza batean aire zabalean ikusteko laburmetrai aproposak bilatzen ditugu. Ez da gauza bera laburmetrai bat zinema areto batean ikustean, non zaratarik ez dagoen, edo terraza batean egitea.
Zer ikusiko dugu aurtengo edizioan?
Labur-labur esanda, hiru zinema gau harrigarri izango ditugu, non komedia, thrillerra, drama, animazioa izango dugun. Denetarik ikusiko dugu, jende guztiarengana heltzeko. Gainera, laburmetraiek gauza on bat daukate; ez bazaizu gustatzen, 10 minututan beste bat hasten da.
Arabako ekoizleen lana ikusteko aukera izango dugu aurten?
Zoritxarrez, aurten lehen aldiz ez dugu Araban ekoiztuta lanik ikusiko. Izan ere, Arabako markak presentzia izango du jaialdian, kontzertuetan, epaimahaian zein Mikel Bustamantek eskainiko digun ‘Vísteme despacio que tengo prisa’ ikuskizunean. Horrez gain, Paul Urkijok bere azken bi lanen trailerrak aurkeztuko dizkigu; ‘El bosque negro’ eta ‘Anansi’. Azken hau lehiaketa ofizialean aurkeztu behar zen baina posprodukzioan izandako arazo bat dela eta, ez da garaiz heldu.
Musika ezinbestekoa da Korterrazan. Ze kontzertu ikusiko ditugu?
Betidanik Korterrazak musika eta zinema uztartu ditu, ‘Kultura Kalean’ elkartearen helburu nagusia lortzeko tresna ezin hobeak direlako. Izan ere, gure elkartearen xedea kalea sozializatzea eta pertsonen topagune bezala berreskuratzea da.
Aurten kontzertuen maila oso altua eta gomendagarria da. Uztailaren 31an, ostegunean, The Retrievers taldeak hasiera emango dio jaialdiari. Ondoren Anaut funky eta soul taldea izango dugu gurekin. Abuztuaren 1ean, ostiralean, Julian Maesoren talentua izango dugu eta 2an, Korterrazari agur esateko, Aurora Garciaren Aurora & The Betrayers taldea egongo da.
Aurtengo berritasunen artean, jarduera gehiago sartu dituzue programan. Laburmetraiaz eta musikaz gain, zer topatuko dugu?
Humberto Gutierrezek (Vaya semanita) aurkeztutako inaugurazio-ekitaldia izango dugu batetik, non Ortzi Acosta (Circo del Sol) akrobataren ikuskizuna egongo den. Sorpresa ugari egongo dira. Horrez gain, umeentzako puxika tailerra eta bestelako ekintzak eskainiko ditugu.
Nork osatzen du epaimahaia?
Hiru pertsonek osatuko dute epaimahaiak eta honek jaialdiko hiru sarietatik bi emango dituzte, hirugarrena publikoaren erabakia izango da. Beñat Fontaneda zuzendaria, David Mangana idazlea eta kazetaria eta Stuart Macdonald argazkilaria izango dira aurtengo epaileak.
Laburmetraia eta terraza tandemak funtzionatzen duela ematen du. Zergatik suertatzen da hain arrakastatsua?
Nire ustez jendeari Korterraza gustatzen zaio bere helburu bakarra jendea zinemaz, musikaz eta azken finean kulturaz disfrutatzea delako, dohainik eta aire zabalean.
Informazio gehiago: korterraza.com