Euskaltzaindiak diplomak eman dizkie ohorezko euskaltzain berriei, horien artean, Arabako ordezkaria izandako Manu Ruiz Urrestarazuri

hirinet 2014ko uzt. 21a, 02:00

Uztailaren 18an Euskaltzaindiak maiatzaren 30ean izendatu zituen ohorezko euskaltzain berriei diplomak eman zizkien. Ekitaldian hamahiru euskaltzain urgazle izan ziren eta honela dioen diploma bana jaso dute: "Euskaltzaindiak euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, urgazletzat hartu du".

 

Hamabi euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak maiatzaren 30ean: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.

 

 “Guk zuei baino, zuek egiten diozue ohore Euskaltzaindiari eta euskal gizarte osoari”, esan zien Andres Urrutia euskaltzainburuak. Horrekin batera, euskararen giltza "sendo, irmo eta mundura zabalik" eguneroko bizitzan datzala esan zien euskaltzainburuak.

 

Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariaren esanetan, nabariak dira ohorezko berrien merituak: “Era askotako lanak egin dituzue, bakoitzak bere arloan, ezberdinak, baina guztiek helburu berbera izan dute: Euskal hizkuntza eta gure herri nortasuna aurrera eramatea, Euskal Herria iraunaraztea. Gaurdanik ofizialki ohorezko euskaltzainak izango zarete, baina gogoan izan gaur ez zenuketela diploma hori jasoko, aspaldidanik eta urte askotan, zuen praktikan jada ohorezko euskaldunak izan ez bazinete.

 

Esan bezala, horien artean Manu Ruiz Urrestarazu aurkitzen zen. Gipuzkoarra jaiotzez, Araban bizi da egun eta 1969an izendatu zuten Euskaltzain urgazlea. Mendi Ingeniaritza ikasi zuen, arlo horretan doktorea delarik. Haren tesiaren izenburua “Especies Forestales Arbóreas en la Toponimia Vasca” izan zen. Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen sailean lan egin zuen, Mendi Zerbitzuko burua izan zen, jubilatu arte. Gai horren inguruko artikulu askoren egilea da, eta ondoko aldizkarietan sarritan argitara eman ditu: La Actualidad Forestal del País Vasco, La Actualidad Forestal de Galicia, Alava-Araba, Anaitasuna, El Campo, El Diario de Navarra, Zeruko Argia, Onoma eta Sustrai. Besteak beste, Euskaltzaindiko Arabako ordezkaria izan zen, 1969-1970, 1992-1995ean, eta, azkenik, 2008tik 2013ra bitartean.

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago