Zertan datza aurkeztu duzuen mozioa?
Zehazki, giza eskubideen errespetuaz ari gara, gaixo dauden preso guztiak kalean egon behar dutela deritzogu, hori delako eskubidez eta legez dagokiena. Udalbatzaren gehiengo zabal batek bat egiten du gure eskaerarekin. Larunbateko mobilizazioa babes horren guztiaren adibide garbia izan zen, baina gaixo dauden preso guztiak etxeratu arte lanean jarraitu behar dugu.
Zer espero duzue udalbatzaz?
Mozioa onartzea espero dugu, giza eskubideekin bat egitea espero dugu, alegia. Aurretik giza eskubideen kontra bozkatu zutenek orain aukera paregabea dute honen aldeko apustua egiteko. Ulertezina da udal gobernu batek giza eskubideak urratuak dituen bizilagun bat ez babestea, ez laguntzea. Sinestezina eta gogorra litzateke, hortaz, gustatuko litzaiguke oraingoan udalbatzak aho batez esatea gaixo eta preso egoteak giza eskubideak urratzen dituela eta, beraz, preso gaixo guztiak kalean egon behar dutela.
Zein da egindako manifestazioaz egiten duzuen balorazioa?
Manifestazio arrakastatsua egin genuen larunbatean, 1.500 lagun baino gehiagok aho batez esan genuen gaixo dauden presoak kalean egon behar dutela, legez eta eskubidez horrela izan behar duela. Preso gaixoak espetxean mantentzea giza eskubideak urratzea da eta, beste behin ere, argi geratu zen espetxe politika aldatzeko dagoen adostasun herritarra, orain espetxeetako giltzak dituztenei fitxa mugitzea tokatzen zaie.
Oso kezkatuta gaude preso gaixoen gaiarekin, eta bereziki gure bizilaguna den Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren egoerarekin, espetxea ez da preso gaixoentzako lekua, preso gaixoak etxean nahi ditugu, etxean eta bizirik, euren gaixotasunei aurre egiteko behar duten tratamendu, mediku asistentzia eta etxekoen berotasuna bermaturik izan dezaten.
Zein da Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren egoera?
Abetxukok kardiopatia bat dauka, 2009an diagnostikatua. 2011n 27 egunez ingresatuta egon zen Oviedoko ospitalean, kateterismoa egin eta bihotz ablazioa ezarri zioten tratamendu gisa, bihotz erritmoa kontrolatu ahal izateko. Honi lotuta, gainera, beste gaixotasun degeneratibo batzuk ditu. Ezin dugu ahaztu Abetxukok 24 urte daramatzala giltzapean eta 64 urte dituela.
Egun, Villabonako espetxean sakabanatuta dago, etxetik 420 kilometrotara. Duela aste batzuk jakin zuen 100.2. artikulua ezeztatu egin diotela, artikulu honek gaixo daudenei espetxe arindua ahalbidetzen die, hain zuzen.
Abetxukoren kasua, baina, ez da lehena izan...
Zoritzarrez, ez da lehenengo aldia gaixo dagoen gure bizilagun bat espetxean mantentzen dutela. Aurretik, Gotzone Lopez de Luzuriaga gasteiztarra izan genuen preso, eta ez zuten askatu, are gehiago, askatu ez eta bere zigorra luzatu zioten 197/2006 dotrina aplikatuz. Zorionez, Estrasburgoko epaiaren ostean askatu zuten. Espetxeratuta egoteak ez du esan nahi gainontzeko eskubide guztiak bermatuak egon behar ez diren; adibidez, osasun asistentzia bermatuta egon behar du.
Orotara, zenbat dira gaixo dauden presoak?
Hamaika dira egun preso eta gaixo dauden euskal herritarrak, muturreko egoera askorekin. Ibon Iparragirreren kasua larrienetako bat da, ihesa dauka eta gaixo zegoelako askatu zuten. Duela hilabete batzuk, ordea, atxilotu, espetxeratu eta gutxi balitz, sakabanatu egin zuten, bere egoera okerrera egin du geroztik.
Ventura Tomeren kasua ere oso gogorra da, birikiaren zatitxo bat kendu egin zioten, minbizia dauka Venturak, baina espetxean mantentzen dute. Zaballan preso dagoen Txus Martin basauriarra, buruko gaixotasun bat dauka baina, askatasuna behin eta berriz ukatu diote.
Larri egon arren, Gobernu espainolak zein frantziarrak ez dute amore eman nahi. Zer lortu nahi dute honekin?
Estatuek presoekiko ezartzen duen espetxe politika gorroto eta mendekuan datza, muturreko egoerak ahalbidetzen duen espetxe politika da, giza eskubideen etengabeko urraketa ahalbidetzen duena.
Guk giza eskubideen alde lanean ari gara, gauza serioaz ari gara, pertsona askoren bizitza jokoan dagoelako, ez bakarrik presoena, baita ere sakabanaketak behartuta astero ehunaka kilometro egin behar dituzten senide eta lagunena. Horregatik, ez dugu ulertzen azken asteetako presoen harira alderdien arteko ika-mikak, nahiago genuke guztiak lanean egongo bagina, guztiok, guztion artean sakabanaketarekin amaitzeko lanean.
Nola definitzen da Sare?
Sigla eta ideologia guztiak gaindituta, preso eta iheslarien giza eskubideen errespetuan batzen gaituen sare bat da. Herritarrak protagonistak izan behar gara zeregin honetan, sare filosofiak aktibazio soziala lortzea du helburu preso eta iheslariak etxeratzeko, konponbide prozesu baten barruan.
Nola gerturatu daitezke herritarrak sare horretara?
Sare giza eskubideen eta konponbidearen alde lan egin nahi duen edonorentzat irekita dago, hori da batzen gaituena. Lehen esan dudan bezala, sortu berria den sare bat gara, eta oraindik gabezi batzuk ditugu. Gurekin harremanetan jartzeko aukera du edonork sareherritarra@gmail.com eta sare.gasteiz@gmail.com helbideen bitartez etaz laister ere www.sare.eus webgunea prest egongo da.
Argazkiak: @sare_herritarra