Atzo Ezker Anitzak alkatearen adierazpenak “onartezinak eta lotsagarriak” direla salatu zuen eta ostean, PSE eta EH Bildu udal taldeek alkatearen baieztapenak gezurrak direla frogatzen duten datu batzuk aurkeztu zituzten. Datu hauen arabera, udalak erroldatik kanporatutako 894 pertsonatik, %18a baino ez dira magrebtarrak, Marokoko eta Aljeriako herritarrak alegia. Aldiz, baldintzak ez betetzeagatik egotzitako %36a, Estatuan bertan jaio diren pertsonak dira.
Ane Aristi EH Bilduko zinegotziak, ostiral honetako Osoko Bilkuran, SOS Arrazakeriak proposatutako, eta baita PNVk eta PSEk sinatutako mozio bat defendatuko du eta “jatorri guztietan iruzur sozialarekin zorroztasunik eta kontrolik handiena” eskatu du.
Erroldaz gain beste adibide bat jarri dute. Datuen arabera Gasteizen Diru-Sarreren Berme-Errenta ekainean jasotzen dituzten 7973 elkarbizitza-unitatetik, heren bat etorkinak direla baieztatzen da. Arabako datuez aritzekoan magrebtarren portzentajea %20 ingurukoa da. “Egia esan behar da”, adierazi du Aristik. “Ea behingoz iruzur fiskalaren solasaldiari noiz heltzen diogun, diru poltsa publikoan egindako maularen %72a, enpresa eta enpresari handiek egiten baitute”, argitu du zinegotziak.