Erakusketa Artium Zentro-Museoan izango da eta bertan, María Clè Leal arabar diseinatzaileak Madrilgo Mercedes-Benz Fashion Week-eko (lehengo Pasarela Cibeles) azken edizioan aurkeztu zituen lanak ikusgai izango dira. Hogei bat modako jantziak dira, eta Arabako ondare kultural, gastronomiko eta naturaletik hartutako motiboetan daude inspiratuak: Arabako Errioxako ardoan, Aiarako Bailarako txakolinan, Arabako Lautadako eliza margotuen motiboetan, Añanako gatzean, Zuiako ardien artilean eta Arabako Mendiko ezti-abaraskan. Bilduma honek ikusnahi handia sortu zuen Espainiako moda-gertakizun nagusian estreinatu zenean, eta orain gasteiztarrek ikusteko aukera izango dute abuztuaren 31 arte.
Artiumeko Ekialde Goikoa aretoan egongo den bilduma hainbat janzki –berokiak, gonak, jertseak, galtzak eta blusak– erakusten dituzten manikiek osatzen dute, eta janzki horietan aise igartzen da Arabako Kuadrillen nortasunaren ezaugarri diren motiboetako batzuk.
Horrekin batera, moda-bilduma baten prestakuntza-prozesu osoa aurkezten du erakusketak, modu didaktikoan erakutsi ere, lehen marrazki orijinaletatik hasi eta piezen azken ekoizpena arte.
María Clè Leal arabar moda-firma María Clè Leal eta Patricia Blázquez Morales gasteiztarrek osatzen dute. Madrilgo Instituto Europeo di Design-en trebatu ziren eta 2004. urtean sortu zuten beren modako firma. Lehen saria eskuratu zuten Euskadiko Diseinatzaile Gazteen Lehiaketan (Bilbo, 2004) eta Espainiako Diseinatzaile Gazteen Lehiaketan (Madril, 2005).
Urtero bi bilduma aurkezteaz gainera, María Clè elkarlanean jarduna da Artiumekin, “Águila Roja” telebista sailarekin, zenbait erakunderekin, Eusko Jaurlaritzarekin besteak beste “Euskadin Moda Zapore” proiektuan eta baita Arabako Foru Aldundiarekin ere, hark babestu baitzuen EGO Fashion Week Madrid 2014 ediziorako.
2010ean María Clèk eta Patricia Blázquezek TISSUE moda-lantegia eta galeria inauguratu zuten Vitoria-Gasteizen. Bertan, haien bildumez gainera, beste firmetako jantziak eta hainbat diziplinatako artisten erakusgaiak aurki daitezke.
Informazio gehiago: ‘Arimadun diseinua. Araba bilduma’ erakusketaren liburuxka