30.000 leku eskainiko dituzte Gizarte Etxeetako ikastaroek, 145 modalitatetan banatuta

hirinet 2014ko uzt. 16a, 02:00

Gasteizko Udalak gizarte etxeen sareak 2014-2015 kanpainarako antolatu duen jarduera eta ikastaroen programa berria aurkeztu du.

 

Lehenengo hiruhilekoan, 29.486 leku eskainiko dira, 145 modalitatetan  banatuta. “Zuregandik hurbil” izan da aurten aukeratu duen leloa eta beti bezala, programak eskaintzen dituen jarduerak kirolarekin eta kulturarekin lotutakoak dira. Izan ere, bestelako jarduera batzuk aurki daitezke, hala nola, ludotekak, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako ikastaroak, euskara ikastaroak, gizarte sustapenerako eta osasun sustapenerako jarduerak, eta ingurumenarekin lotutakoak. Bestetik, adinekoentzako zentro soziokulturaletako eskaintza ere aurkeztu du Udalak: 3.000 leku, 173 ikastaro eta lantegitan banatuta.

 

Zozketan parte hartzeko izena emateko epea datorren ostegunean, hilak 17, hasiko da, eta irailaren 3an amaituko; udalaren web orria edo  010 telefonoa baliatu daitezke eskabidea aurkezteko, edo zuzenean, gizarte etxeetan, udalaren kirol instalazioetan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan. Udalaren instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jarduera guztien kuotan.

 

Eskaera handia denez, hainbat ikastarotarako lekuak (kirola, kultura, gizarte sustapena, osasun sustapena, IGIkoak, eta ludotekak) zozketa informatiko  baten bidez banatuko dira; irailaren 4an egingo da zozketa.

 

Euskara eta berdintasuna sustatzeko ikastaroetan, eta kirol eta gizarte sustapenerako jarduera batzuetan, aldiz, izena ematearen hurrenkerari jarraituko zaio. Zozketarik gabeko lekuei dagokienez, irailean eman beharko da izena, atal bakoitzerako zehaztutako egunetan.

 

Informazio gehiago: Gizarte etxeetako jarduerak 2014-2015 ikasturtea

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago