Gasteizko Kafe Antzokiaren lehenengo fasea urriaren 15ean zabalduko dela iragarri du Marotok

hirinet 2014ko uzt. 15a, 02:00

Montehermoson kokatuko den Gasteizko Kafe Antzokiaren lehenengo fasea urriaren 15ean zabalduko dela iragarri du Javier Maroto alkateak.

 

Proiektuaren lehenengo fasea Euskararen Etxea izango da, sorkuntzarako, formaziorako eta harreman sareak trinkotzeko gunea. Bigarren faseak Kafe Antzokiaren eraikuntza aurreikusten du, kontzertu gunea eta ostalaritza zerbitzua eskainiko duena.

 

Marotok orain arte Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak egindako lana eskertu du eta Gasteizko Kafe Antzokiak kogestio eredu bat izango duela iragarri du. “Udalaren Euskara Zerbitzuak eta aipatu plataformak elkarrekin kudeatuko dute”, zehaztu du.

 

Horrekin batera, proiektu berri honen finantzazioaren inguruko zehaztasunak ere iragarri ditu alkateak. Aurten 30.000 euro bideratuko dira egitasmora eta 2015era begira, udal gobernuak talde politikoei eta Gizarte Batzordeari GKA finantzatzeko 250.000 euroko proposamena egingo diela aurreratu du.

 

Bigarren faseari dagokionez, udazkenean Eusko Jaurlaritzak Kafe Antzokiarekin jarraitzeko beharrezkoa den nahitaezko txostena emango diola adierazi du alkateak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago