Sortzaile hauen erakusleiho izango den jarduera hau modu autogestionatuan eta “ilusio handiz” antolatu dute. “Gure ustez, garrantzitsua da gure produktua kalera ateratzea eta jendeari gerturatzea. Gasteizen ez da halako asko egiten eta falta hori betetzeko asmoz antolatu dugu”, azaldu digu Siberia dendako Maddalenek. Aipatutako Siberia Vintage eta retro dendako neskekin batera, Alhadas (arropa eta osagarriak) denda, Agurital (arropa eta osagarriak), Cruchy (eskuz margotutako kamisetak), Estibaliz de Cristobal (bitxiak eta osagarriak), Beckylu (eskuz margotutako moda), Eloisa (ilustrazioa eta bitxiak) eta Farfan (eskuz egindako eta margotutako animalitxoak) izango dira. Larunbatekoa ez da elkarrekin lan egingo duten lehen aldia, izan ere, “gutako asko aurretik elkarrekin lan egindakoak gara, Siberiako azokan adibidez eta aspaldian geneukan azoka berezi bat prestatzeko gogoa”.
Horrela, eguerdiko 12.00etatik arratsaldeko 20.00etara Alde Zaharreko Hor Dago!n “patxadaz” hartzeko azoka hau ospatuko da, gasteiztar hauen sormenaz gozatzeko. Egunari musika jartzeko, hiru DJ ezberdin egongo dira.