Vital Kutxako Gizarte Ekintzarekin laguntza 35 urteko gorakoei ere emango zietela adostu bazuten ere, Adi Vitalquiler plataformak ohartarazi duenez, alokairuan dauden hainbat lagunek laguntza hori ez dute jaso. Gainera, alokairua utzi nahi izanez gero, hiru hilabeteko epearekin eman behar dute abisua. Kontratuetan agertzen den klausula hau desagertzea eskatu du plataformak, izan ere, abisua eman arren hurrengo hiru hilabetetan ordaintzen segitu behar da. Edozein motatako kontratuan agertzen den 15 eguneko epea aplikatzea proposatu dute.
Era berean, inkilinoek Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren zenbatekoa ordaindu behar ez luketela deritzote. Alokabideko laguntzak jasotzen duten lagunek zerga hau ez dute bere gain hartzen, beraz, modu erretroaktiboan eta ahalik eta arinen, OHZ kontzeptuan ordaindutako dirua bueltatzea galdegin dute.
Komunitate gastuak “gehiegizkoak” direla uste dute plataformako kideek eta diru kontuetan “gardentasuna” eskatu dute, aurkeztu dizkieten kontuak batere argiak ez direlako, “kontzeptu batzuek ez datoz errealitatearekin bat”. Plataformaren ustetan, alokairuaren prezioa inkilinoaren soldataren %30 baino handiagoa ez dela bermatu behar da, gastuak barne.
Irudia: Adi Vitalquiler