Floridako txantxikua

hirinet 2014ko uzt. 14a, 02:00

Ameriketako Florida Penintsulakoa ez, Gasteizko Florida parkeko txantxikua.

 

Egun hauetan entzun dut berriz ere haren kantua, egun argiz, eta ikaragarri poztu naiz, sinestuta bainengoen dagoeneko desagertu zela, parkeko errekatxoa hainbat aldiz lehortu eta garbitu izan dutelako azken urteotan.

 

Kasu bitxia da. Hain inguru urbanizatu batean, nola konpontzen ote da aurrera egiteko? Benetan gogorra behar du izan.

 

Txantxikuetan, arra da arrautzak zaintzeaz arduratzen dena, eta ez emea. Bizkarraldean garraiatzen ditu, eta aldiro-aldiro busti, lehortu ez daitezen. Hortik gaztelaniaz duen izen xelebrea: sapo partero.

 

 

Urte mordoa darama txantxikuak Floridan, seguru aski isolatuta landa-inguruetako beste populazioetatik. Horregatik pentsatu dut, Darwinek-eta espezieen jatorriaz ziotena gogoratuz, denboraren poderioz Floridako baldintzetara bereziki egokitutako subespezie bat izan daitekeela gurea (Gabonetako jaiotzara eta “Pero mira como beben los peces en el río…” kantura, Legebiltzarreko mintzaldi arranditsuetara, Gasteizko jaietako mozkortien lokuluxketara, liburutegiko erabiltzaileen paseoetara…), azken batean, beste txantxikuetatik bereizia. Hortaz, izena ere jarri beharko diogu: Alytes obstetricans floridae.

 

Egilea: Martin Rezola

Irudia: Christian Fischer

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago