Kultura diputatuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk Galarretako kanpai dorrearen erorketaren argibideak eman ditzan

hirinet 2014ko uzt. 11a, 02:00

Kanpai dorrerik gabe geratu dira Galarretako bizilagunak. Donemiliagako udalerrian kokatuta zegoen XVII. mendeko kanpai dorrea atzo gauean erori zen. Arabako Foru Aldundiak 1979an eliza eta 50 metroko dorrea eraberritzeko konpromisoa hartu bazuen ere, Donemiliagako alkateak Amaia Busterosek salatu du urteetan ez dutela ezer egin.

 

Ohar batean, EH Bilduk salatu du “Galarretako dorrea PPren utzikeriaren ondorioz erori dela”. Izan ere, urtarriletik zeukan Javier De Andresen gobernuak mahai gainean dorrea hobetzeko proiektua “duela hiru hamarkada hartutako konpromisoari eutsiz”.

 

“Hau guztia azal dezan” Iciar Lamarain Kultura diputatuaren agerraldia eskatu dute. Galarretako bizilagunek kezka agertu zioten Arabako Foru Aldundiari, dorrea erortzearen arriskuaz ohartarazi zioten baita zenbait etxebizitza eta errepidea kanpai dorretik oso gertu zeudela adierazi ere. Hori dela eta, urtarrilean foru teknikariek kanpai dorrea bisitatu zuten premiazko irtenbide bat bilatzeko, baina alkateak esan bezala,  beste behin ere, “berandu heldu dira”.

 

Zentzu honetan, “erabateko utzikeriaz” aritzea leporatu eta herrialdeko ondarea babesteko neurriak har ditzan galdegin diote Arabako Foru Aldundiari.

 

 

 

Irudiak: Zareteman (Wikipedia) eta gasteizhoy.com

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago