Ekimena 2001 urtean abiarazi zen eta horretarako, webgune bat jarri zen martxan, askatutako liburuen jarraipena egiteko. Horretarako, gurutzatzen den liburu bakoitzari BCID izeneko zenbaki bat esleitzen zaio, webgunean, harturiko liburua non dagoen eta nork utzi duen jakitea ahalbidetzen duena. Izan ere, liburu gurutzaketa hau modu guztiz informalean egin daiteke, adibidez, kalean liburua utziz. Gasteizen aspaldi hasi ziren liburuak askatzen. Artium zentro-museoak, esaterako, urtero egiten du eta egun, gero eta gehiago dira ekimen honetan parte hartzen duten tabernak. Liburu gurutzaketa ekimena hobeto ezagutzeko Mikel Gartzia ekimenaren sustatzailea eta Pio hamabi kaleko bookcrossing-en arduradunarekin izan gara.
Zertan datza liburu gurutzaketa edo bookcrossing-a?
Liburuak partekatzea da. Bidaia bat egiten duten liburuak dira.
Zer da zehazki Gasteizen martxan jarri duzuena?
Gu hasi aurretik bazeuden batzuk, tabernetan-eta, beraz aitortu behar da hori. Kalean ere utziko zituen jendeak liburuak inoiz, berez hori da bookcrossing-a. Guk tabernekin hitz eginez adosten dugu txoko bat uztea horretarako. Bookcrossing bideratua edo sustatua da, baina baditu abantailak. Lehena Irakasle-eskolako fakultateko kafetegia izan zen eta gero Pio hamabi kalean eta Plaza Berrian jarri dira gune batzuk.
Zein abantaila ditu liburu gurutzaketak?
Irakurzaletasuna sustatzea eta birziklatzea izan ohi dira lehenengo bururatzen zaizkigunak, baina gehiago ere badira: bookcrossing-ean arituz jabetza pribatuaren ideiari indarra kentzea, tabernak diren espazio pribatuetan txoko deszentralizatu bat egotea, gure sare sozialaren burbuilatik kanpoko irakurgaiak eskuartera iristea... Adibidez Fernando Savaterren liburua irakurri nuen behin eta nik ez nuen hori sekula erosiko edo ez zitzaidan eskuartera iritsiko familia edo lagunengandik.
Eta? Zer moduzkoa?
Nonbait ikusten baduzu begiratu! Kar kar…
Noiz hasi zineten ideia honekin? Nortzuk zarete?
Orain dela urte bat inguru. Hasieran ni bakarrik eta gero Reutilizagunearekin lankidetzan. Bigarren eskuko produktuak utzi edo hartzeko garbigune modukoa da, Udalarena-edo (Betoño poligonoko Eskalmendi kalea, 9.). Bertan liburuak daude eta hortik hartu izan ditut. Gero suposatzen da jartzen dugun txoko bakoitza buruaskia dela, liburuak joan eta etortzen direla... Baina laguntzeko bisita egiten diet noizbehinka, tabernariak hor nagoela sentitzeko.
Zer egin behar da parte hartzeko? Edonork parte har dezake?
Bai noski, nik nire etxe ondoko bost gune ireki ditut eta bisitatzen ditut tarteka, baina ez dut gehiagoren ardura hartu nahi. Beste kale edo auzo bateko norbaitek galdetu nahi badu bookcrossingvg@gmail.comhelbidea edo @bcrossingvgtwitterra dauzka.
Hizkuntzaren trataera aldetik, orekatua?
Ez, ekimenaren izena ez, ingelesa nagusi delako eta gero Vitoria-Gasteiz. Eta errealitatea gutxiago. Liburu gehienak gaztelaniaz dira, eta gaiak ere... Euskarazko oso gutxi dago eta behar dira. Alemanez gehiago ikusi dut! Ingelesezko edozein liburu dezente ere luxu bat izaten da, niretzat behintzat. Arabierazkoak ikusteak ere poz galanta emango lidake, Koranak bakarrik ez badira...
Jendeak ez ditu liburu onak gorde eta kaxkarrak ematen?
Bukrosinlariaren arabera! Bukrosinlari kaxkarrak liburu kaxkarrak partekatzen ditu. Eta hasieran bukrosinlari kaxkarrak izango gara, seguru aski, baina hirian ohitura sendotzen bada, denborarekin bukrosinlari onak, seguru.
Eta interneten erregistratu behar da liburua?
Egin daiteke, kodea eman, nondik datorren ikusi eta zer iruditu zaigun web batean idatzi... Baina ez da beharrezkoa. Niri adibidez ez zait gustatzen eta ez dut egiten.
Ebook-a ere modan da, liburuak ateratzea ez dago garaiz kanpo?
Ez dut uste. Ez dut baten edo bestearen alde egingo, ez dakit zein den bakoitzaren kostu ekologikoa adibidez. Baina paperezko liburu bat irakurtzean energia xahutzen ari ez naizela sentitzeak plazera eman ohi dit niri. Hori esan dezaket.
Orain arte, zein izan da jendearen harrera?
Tabernetan galdetzerakoan harritu ninduen gehienek baietz esateak. Eta jarri diren gune gehienek aurrera egin dute, bi jaso ditugula uste dut. Liburuen joan-etorririk dagoen, ez dut kontrolatzen. Batzuetan liburu bat falta dela ohartu naiz edo baten bat ekarri dutela esan didate. Horrekin nahikoa eta sobera, ni gustura horrekin.