Gasteizko Kafe Antzokiaren plataforma: “Udalaren erabakiak ez gaitu asebetetzen baina GKA eraikitzeko bidean aurrerapauso bat da”

hirinet 2014ko uzt. 9a, 02:00

Azken egunetan Gasteizko Kafe Antzokiaren inguruko albiste berriak sortu dira, izan ere, aurreko astean Bildu udal taldeak Kafe Antzokia urria baino lehen abian jartzeko eskatu zuen.

 

Hurrengo egunean, Javier Maroto Gasteizko alkateak proiektua aurrera ateratzeko asmoa adierazi zuen. Horren aurrean, GKAaren aldeko plataformak bere iritzia plazaratu du: “Udalaren erabakiak ez gaitu asebetetzen baina GKA eraikitzeko bidean aurrerapauso bat da; bi oinarri izan behar dituen proiektuaren zutabeetako bat gauzatuko delako”. Izan ere, plataformak landu duen Kafe Antzokiaren ereduak bi ezaugarri ditu; batetik, euskara eta euskal kultura ardatz dituen proiektua izatea eta bestetik, bi guneren ingurua egituratua egotea; Euskararen Etxea-Lazarraga kultur-gunea eta Kafe Antzokia.

 

Lehenengoa sorkuntzarako, formaziorako eta harreman sareak trinkotzeko gune gisa ikusten du plataformak. Bigarrena, berriz, kontzertu gunea eta ostalaritza zerbitzuan kokatzen da, zeinaren funtzioa kulturaren erakusleiho eta proiektu osoaren motor ekonomiko izatea izango zen.

 

“Proposamen honek Udalaren hitzezko oniritzia jaso zuen behin baino gehiagotan, baina  martxan jartzeko urratsik ez du eman”, azaldu du GKAaren aldeko plataformak. Hala ere, bere ustez udalaren borondatea “eskasa” izan da. Momentu honetan, Udala prest agertu da Montehermoson Euskararen Etxea-Lazarraga kultur-gunea litzatekeena sortzeko baina Kafe Antzokia ez du posible ikusten oraingoz. Plataforma ez dago ados erabaki honekin, "aurrerapauso" bat dela onartu duen arren.

 

Horrez gain, Euskararen Etxea izango dena finantzazio iturri propiorik gabe jaioko dela dio plataformak. “Baliabide ekonomiko eta pertsonalak ezinbestekoak izango ditu eta Udalaren erantzukizuna izango da baliabide hauen bermea hitzarmen bidez jasotzea. Era berean proiektu honek ez du inolako aldaketarik suposatuko euskalgintzak eta kulturgintzak orain arte jasotako diru-laguntzetan”, azaldu du ohar baten bidez.

 

Azkenik, Montehermoso jauregia euskarazko jardueren erreferente kultural bihurtzea oso positibotzat jotzen duela dio GKAaren aldeko plataformak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago