Vitoria-Gasteiz Aire Zabaleko VIII. Pintura Lehiaketa

hirinet 2014ko uzt. 7a, 02:00

Aire Zabaleko pintura lehiaketaren edizio berria izango da uztailaren 19an Gasteizen.

 

"Gasteizko plazak: Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria, Foru plaza, Aihotz plaza, Urrezko Zeledonen plaza, Arka plaza eta Loma Jeneralaren plaza" da aurtengo gaia. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 7tik 17ra bitartean (biak barne) eman dezakete izena udalak eskaintzen duen online formularioan edo 010 telefonoan (kanpotik deituz gero 945 16 11 00 telefonoan). 18 urte baino gehiago dituen edozeinek eman dezake izena.

 

Baldintzak: erabili beharreko teknika librea da, gutxienez 50 x 35 cm eta gehienez 130 x 97 cm ko formatua izan behar du lanak eta astoa ere ekarri beharko dute, bertan erakutsiko baita lana epaimahaiak erabakia hartzen duen bitartean.

 

Hiru sari emango dira 1.600, 1.400 eta 1.200 eurokoak. Horrez gain, saririk jaso ez duten Gasteizko bi artistentzat 500 euroko akzesitak ere izango dira.

 

Uztailaren 19an, goizean, artistek beren oihalak jarriko dituzte hiriko plazetan. Lanak ikusgai jarriko dira astoen gainean, Arkupeko ibilbidean (Mateo Moraza kaleari dagokion zatian), epaia jaso arte. Arratsaldeko 19:30ean epaia jakinarazi eta sariak banatuko dituzte Andre Maria Zuriaren plazan.

 

Informazio gehiago: Vitoria-Gasteiz Aire Zabaleko VIII. Pintura Lehiaketa

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago