'Algo mas que morir' western arabarrak bi sari lortu ditu Almeria Western Film Festivalean

hirinet 2014ko urr. 13a, 02:00

Algo mas que morir  filma arabarrak Almería Western Film Festival zinemaldiaren laugarren edizioan parte hartu zuen aurreko asteburuan eta bertan filmaren mundu mailako estreinaldia izan zen.

 

Filma Kuartango bailara arabarrean gauzatu da eta bertan herriko jendea aritu da aktore. Zortzi urteren buruan errealitate bilakatu da José Luis Murga eta Oier Martínez de Santos zuzendarien ametsa, alegia, western bat herrian bertan filmatzea. Ahalegin horretan ezinbestekoa izan da herritar guztien erabateko inplikazioa. Horien eskuzabaltasunak bidezkoa egin baitu helburua lortzea.

 

Horrela, Algo más que morir  Tabernasko Udal Antzokian "Western 2014" izeneko atal ofizialaren barruan estreinatu zen. Okasioak merezi zuelako, ekoizpen lanetan aritu diren 70 herrikidek, Kuartango alkatearekin batera, autobusa hartu eta Tabernas herrian azaldu dira filma lehen aldiz ikusteko. Azkenik, filma arabarrak  Almeria Collection / The innovating film concept Sari Berezia eta Publikoaren Saria lortu zituen.

 

 

Filmak, Pepe Jordanaren Prosopopeya Producciones ekoiztetxearen  laguntza izan duenak, Dick Murray gaizkile pistoldunaren istorioa kontatzen digu. Honen iragana zurrunbilotsua izan da baina bizimodua aldatzea erabaki du atso bati egindako promesa bati jarraituz. Baina, bere anaiaren bila egindako bidaia luze baten ostean herrira itzultzen denean bailara osoa kazike batek izututa dagoela ikusiko du.

 

"Istorio hau aspaldidanik dator, 16 urte nituenetik alegia. Orduan gidoi txiki bat egin nuen eta filmatzen hasi ginen baina hasierako tituluetatik ez ginen pasa. 28 urte geroago Oier ezagutu nuen eta orduantxe hasi ginen benetan proiektuan” adierazi du José Luis Murga zuzendariak.

 

 

Arabako paisajea Mendebalde Urrunekoari egokitzea ez da samurra izan “asko kostatu zaigu; udaroan eta eremu lehorretan filmatu behar izan dugu. Eraiki genuen herrixkan hondarra bota genuen eta apurka-aurka filmatzen hasi ginen". Bi zuzendariak bat datoz ez zutela inolaz ere honeraino iristea espero eta Almería Western Film Festival zinemaldiaren atal ofizialean egotea bera ere bada sari izugarria.

 

 

Iturria: klaketa.net

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide