Deialdian parte hartu duten artistak hainbat belaunalditakoak dira, eta orotariko interesen arabera garatu dituzte euren prestakuntza-ibilbideak. Halere, artista horiek euskal esparruarekin duten loturak eta denbora zehatzak arte-errealitatearen behatokitzat jarduten duen lan-tokia egituratzen du eta, eremu horretan, “sistema”, “testuingurua”, “komunitatea”, “instituzioa” eta pareko nozioak paradigma saihestezinak bihurtzen dira.
Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984), Lorea Alfaro (Lizarra, 1982), Miren Arenzana (Bilbo, 1985), Ibai Baldés (Iruñea, 1986), Josu Bilbao (Bermeo, 1978), Ingrid Buchwald & Nader Koochaki (Ibarra, 1980 & Donostia 1983), June Crespo (Iruñea, 1982), Nerea de Diego (Iruñea, 1974), Raúl Domínguez (Barakaldo, 1984), Ainara Elgoibar (Mungia, 1975), Daniel Llaría (Logroño, 1985), Pablo Marte (Cadiz, 1975), Idoia Montón (Donostia, 1969), Ixone Sádaba (Bilbo, 1977), Jon Otamendi (Getxo, 1978) eta Amaia Urra (Donostia, 1974) izan dira aurtengo artista aukeratuak.
Erakusketa horrek gaur egungo artean garatzen diren jarduera-ildo eta jardunetako batzuk agerrarazi nahi ditu, eskultura, irudia, margoa, ikus-entzunezko mintzaira eta performancea erabiltzen duten lanen bidez. Erakusketan ikus daitezkeen gaietako batzuek natura eraikia eta paisaia, naturala nahiz industriala, dute aipagai (Domínguez, de Diego, Buchwald & Koochaki, Elgoibar); irudikapen mediatikoko sistemak eta irudiaren “desordena” egungo testuinguru ekonomiko eta politikoan (Marte, Sádaba); kontsumo-gizartearen saturazioa eta herri-kulturari lotutako ikonografiak (Alfaro, Llaría); eskultura eta formen eta zeinuen birziklatzea (Crespo, Baldés); alor linguistikoa eta subjektiboa bateratzen diren mundu pertsonalen sorrera (Aitzkoa, Montón, Bilbao); instituzioen kontrol-sistemak eta -dinamikak (Otamendi); diseinuaren, artearen eta hezkuntzaren bidegurutzea (Arenzana); edota hizkuntza komunikazioko arazoa, performancearen bidez (Urra).
Halatan, First Thought Bestek gertakari bat marrazten du, gaur egun gertatzen ari denaren irudia. Argazki posible askoren artean bat. First Thought Best izenburuak Allen Ginsbergek berezko idazketa deskribatzeko erabili zuen esaldia, ia eslogana, du aipagai: “Lehen pentsamendua, pentsamendurik hoberena”.
Erakusketa irailaren 21era arte egongo da ikusgai Artium museo-zentroaren Ekialde Beheko aretoan.