Martxoak 3 elkarteak Gasteizko jaien suziria jaurtiko du

hirinet 2014ko uzt. 3a, 02:00

Aurten EH Bildu udal taldeari egokitu zaio abuztuaren 4an Andra Mari Zuriaren jaiei hasiera emateko suziria botako duen pertsona edo kolektiboa aukeratzea eta gaur iragarri duen bezala, Martxoak 3 elkartea izango da txupinazoa botako duena.

 

Elkarteak hamarkada hauetan guztietan egin duen lana eskertu nahi du udal taldeak eta omenaldi beroa egin zaurituei, eragindakoei eta horien senideei. “Abuztuaren 4an kohetearen metxa piztuko duten Martxoak 3ko biktimen elkartearen ordezkarien eskuekin batera, egun horretan hildakoen eskuek ere piztuko dute metxa hori”, esan du EH Bildu udal taldeko Kike Fdz. De Pinedok.

 


Martxoak 3 elkarteak, bere aldetik, pozik hartu du erabakia eta  txupinazoa jaurtitzea “ohore handia” dela adierazi du. “Animo eta adorea ematen digu gure borrokan jarraitzeko; Egia, Justizia, Kalte-Ordaina, eta horrelakorik berriz ez gerta ez dadin bermea lortzeko. Aurtengo Gasteizko Jaietan EH Bilduk eskaini digun presentzia lagungarria izango da Martxoak 3an gertatutakoa zabaltzeko eta krimenen erantzuleak zigorrik gabe gelditu izana salatzeko”, azaldu du Martxoak 3 elkarteak.

 


Izan ere, honakoa ez da Martxoak 3 elkarteak Andra Mari Zuriko jaietan jasotzen duen lehenengo omenaldia. 2005ean Neska eta Blusen Batzordeak ikurrina eskaini zion eta 2011n Gasteizko Txosnek Txosnisaria eman zioten egindako lanagatik.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago