Proiektuaren abiapuntua Montehermoso jauregian kokatuko den Euskararen Etxea izango litzateke, euskara ardatz izango duena. 2014ko diru-partidaren arabera, Udalak Gasteizko Kafe Antzokira 20.000 euro bideratzea aurreikusita dago, udazkenetik aurrera Euskararen Etxean bertan egitasmo ezberdinak aurrera eramateko. 2015ean proiektua diruz laguntzen jarraitzea eskatzen dio udal gobernuari. Kike Fernandez de Pinedo Bildu Gasteizko bozeramaileak esan bezala, “2015ean inbertsioak 250.000 eurokoa izan beharko luke”. Horretarako, batetik, 150.000 euroko partida berri bat sortzea eskatzen du koalizioak eta bestetik, “geratzen diren beste 100.000 euroak EBPNren barnean jada ekintza ezberdinetarako onartutako aurrekontuak eta antzokiaren guneak lan txikien bitartez birmoldatu ahala izateko partidak lirateke”. Egun martxan dauden hitzarmenetan “inolako eraginik izango ez duen bermearekin” egitea eskatu du Bilduk.
"Sei urte daramatzagu Antzokiari buruz hitz egiten eta orain arte ez da egon konpromiso serio bat mahai gainean. PPk prozesua nahita luzatu du legealdi honetan eta argi dago lehendabiziko faseak errealitatea izan behar duela uda eta gero”, adierazi du Fdz de Pinedok. Horrez gain, Antzokia Euskara Zerbitzuaren eta udalerriko euskaltzale taldeen artean adostutako hitzarmen baten bitartez kudeatuko beharko litzatekeela gaineratu du. “EH Bildurentzat egunero euskararen sustapenean lan egiten dutenen baietza eta inplikazioa ezinbestekoa izan da beti. Baita PP, PNV eta PSEren atxikimendua lortzea ere”, gehitu du.
Azkenik, Kafe Antzokiaren Plataformak azken bi urtetan zehar egindako lan oparoa aintzat hartu eta eskertu behar dela azaldu du bozeramaileak.
Gasteiz Kafe Antzokia- Bilduren proposamena
Urritik aurrera Gasteizko Kafe Antzokia “errealitate bat” izan behar duela adierazi du Gasteizko EH Bilduk.