Soinu aniztasuna dakar aurtengo Jazzaharrean Alde Zaharreko Jazz jaialdiak

hirinet 2014ko uzt. 1a, 02:00

Uztailaren 1etik 12ra bitartean Jazzaharrean Alde Zaharreko Jazz jaialdia izango da, zalantzarik gabe, hiriko udako eskaintzen artean interesgarrienetarikoa.

 

Aurtengoa IX. edizioa izango da eta  Parral Tabernak, Hor Dago! –k  eta ‘Araña del Rock producciones’ kultur elkarteak antolatu dute, Hell Dorado, Artium eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. “Aurten Hor Dago! sartu da antolakuntzan eta horrekin Falerina Lorategia espazio zoragarria lortu dugu.  Horrekin batera,  ongietorria eman nahi diegu Gora Project eta Bakan tabernei, aurten hasi baitira gurekin kolaboratzen”, azaldu du Parral Tabernako Iñigok. Urteekin handituz eta egonkortuz joan da Jazzaharrean. Izan ere, Iñigok azaldu bezala, “Jazzaharrean gabezi bati erantzuna emateko jaio zen, garai batean Gasteizko Jazzaldian gure auzoan ez baitziren kontzertuak programatzen”. Hasieran San Frantzisko Javier kantoiko Parral eta Gora tabernek eutsi zioten erronkari baina denboraren poderioz, auzoko zein hiriko beste hainbat eragile batu ziren egitasmora. Aurten 10 txoko ezberdinetan izango dira doako kontzertuak (Hell Dorado aretokoa izan ezik). “Esan genezake leku bat lortu dugula udako jaialdietan eta pixkanaka izen propioa egiten ari garela Euskal Herritik kanpo”, gaineratu du Iñigok.

 

Soinu anitz eta proposamen landuak

 Aniztasuna da aurtengo egitarauak definitzen duen ezaugarria, izan ere, jazz-a ez ezik, elektronika, funk-a, groove-a, blues-a edo rock-a topatuko dugu bertan. Horrela, uztailaren 1ean, asteartean, J4F eta APAC taldeek elektronikaz eta erritmo frenetikoz beteko dute kantoia. Jaialdiaren bigarren egunean, Pintxo Jam Session Canalla proiektuaren X. urteurrena ospatzeko aukera izango dugu, non Gasteizko 30 musikari baino gehiago aurrez aurre egongo diren Parral eta Gora tabernetan.

 

Ostegunean, hilak 3,  Jazz 4 Joy Gasteizko taldea izango dugu Bodegon Gorbeian eta Sky Beats donostiarrak Parralen. “Bi kasu hauetan, oso soinu pertsonalak eta emakumezko ahots zoragarriak disfrutatzeko aukera ona izango dugu”, zehaztu du Iñigok. Ostiralean, hilak 4, Hor Dago! izango da eszenatokia eta bertan Madriletik datorren Anaut abeslaria izango da. Ondoren, Pricilla Band bilbotarrak gorputzak mugiaraziko ditu bere Funky Disco ikuskizunarekin.

 

Larunbatean jai eta igandean, hilak 6, eguerdiko sesioak egongo dira txoko ezberdinetan; Jango tabernan Water & Close,”bertsio oso bereziak egiten duen bikotea” eta Bakan tabernan Danilo CH, Gasteiz tropikala bihurtzeko asmoz. Arratsaldez, Elorza eta Erdizka tabernetan Playground, 'Kasti' bateriajolearen proiektu berria eta Swinsteria.  Azken lau banda hauek etxekoak dira, hots, gasteiztarrak.

 

Hurrengo uztailaren 8an, asteartean, blues-aren eguna izango da, Bilboko Naked Blues eta Madrilgo Edu Manzanas & Whiskey Tren taldeen eskutik. Hurrengo egunean, banda gipuzkoarren txanda izango da: Makala JF Band eta Urtzi Azkue & The Funk Junkers; biak proiektu berriekin datoz.

 

Uztailaren 10ean Jazzaharrean muinotik jaitsi eta  Artium museoraino joango da. Noguel Quartet taldeak eskainiko duen biolina eta gitarra elektrikoaren arteko elkarrizketa entzuteko parada izango dute bertaratzen direnek. Ondoren,  Parral tabernan Fizzy Soup taldea, blues eta elektronika 'vintage' ukituekin . Ostiralean, hilak 11, Hor Dago! -n, Dr. Sax, Joseba B. Lenoir eta Moby Dick izango dira ikusgai. “Hirurok oso estilo pertsonalak lortu dituzte”, gaineratu du antolatzaileak.

 

Eta bukatzeko, azken urteotan bezala, Alde Zaharretik Hell Doradora bidaiatuko da jaialdia, non  Moreland & Arbuckle bandaren blues, country eta folk estiloen nahasketa indartsua eskainiko den. Furia taldearekin partekatuko dute Hell Doradoren eszenatokia. 

 

Eta hau guztia gutxi balitz, musika entzuteaz gain, beste ikuspuntu batetik, jazz mundura hurbiltzeko aukera emango du Jazzaharreanek. Gora Project tabernan Masterclass-ak antolatuko dira, uztailaren 7tik 11ra bitartean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera eta dohainik. Argazkigintza, dantza, gitarra eta joera berriak hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da, irakasle, profesional aditu eta eskarmentu handiko musikarien eskutik. Izena emateko azken eguna uztailaren 1a izango da.

 

 

Uztailaren 7an, astelehenean - Argazkia eta jazz: argazkilaritza ikastaroa. Iosu Izarra

Uztailaren 8an, asteartean - Dantza eta jazz: Lindy Hop hastapena. Andrea Dhanae (Swin Up)

Uztailaren 9an, asteazkenean -  Dantza eta jazz: Tap hastapena. Iñigo Elejalde (Paso Triple)

Uztailaren 10ean, ostegunean - Gitarra eta jazz: Gitarra-teknikak jazzen. Ricardo Urrutia

Uztailaren 11an ostiralean – Joera berriak eta jazz: DJ kontroladoreak. DJ Muteall

 

Informazio gehiago: Jazzaharrean 2014

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago