Zer aldarrikatuko duzue Sexu Askapenaren egunean?
Aurtengo leloa ‘Heteropatriarkatua moztu. Bollerioa da bide bakarra’ da. Erakunde politiko eta ekonomikoak, hizkuntza, arauak eta harreman sozialak eta bizitza ikusteko eta bizitzeko moduak gizonezkoen ikuspuntutik jorratzea da patriarkatuaren ezaugarrietako bat. Eskubidedun subjektua gizon zuria, heterosexuala eta gizartea maila ertainekoa da. Sistema horren adibide gisa, abortuaren legearen azken erreforma jar daiteke, non medikua kriminalizatzen den, emakumea biktima bilakatzen den eta gizonari ez zaion erantzukizunik eskatzen. Momentu honetan, krisiaren aitzakiarekin, atzerakada handia ikusten ari gara. Emakumeoi berriro ere eremu pribatura, etxera, zaintze-lanetara eraman gaituzte.
Leloari dagokionez, ‘Bolleria da bide bakarra’ diogu uste baitugu heteropatriarkatuarekin mozteko modu bakarra delako, ez baikaude gizonen menpe. Guk geuk, emakumeok, hartu nahi ditugu erabakiak, berdintasunezko harreman askeagoak eraikitzeko. Horrez gain, derrigorrezko heterosexualitatearekin eta derrigorrezko amatasunarekin amaitu nahi dugu.
Sistema heteropatriarkalaren adibidetzat ere jar daiteke, hain zuzen, Sexu Askapena aldarrikatzeko ekainaren 28ko manifestazioa antolatzeko izan duzuen arazoa, ezta?
Hala da, horren adibide argia da Gasteizen gertatu dena. Urtero bezala, Ekainak 28 batzordeak egun horretan egingo den manifestazioa Andra Mari Zuriaren enparantzatik ateratzeko baimena eskatu zuen eta aste honetan bertan udaletik ibilbidea hortik ez hasteko “aholkua” eman ziguten, bertan aldi berean hainbat jarduera ospatu behar direlako (haurrentzako jolasak, galiziar zentroaren jarduera bat eta liburuaren azoka). Horren aurrean, guk esan genien aurreko urteetan ere jarduera horiekin bat egin genuela eta ez zela arazorik egon. Azkenik, Gasteizko Batailaren urteurrena ospatuko dela esan ziguten eta horregatik beste ibilbide bat emango zigutela. Jakina, eurek proposatuko ibilbide berri hori ez da bestea bezain ikusgarria.
Mugimendu sozialen eta oposizioaren talde politikoen presioei esker, hasieratik proposatu genuen ibilbidea egingo dugu eta eguerdiko 13.00etan Andra Mari Zuriaren enparantzatik aterako da manifestazioa.
Gauzak horrela, Gasteizko Udalari eskatzen diogu Ekainaren 28arekin (eta urtean zehar ospatzen diren beste data garrantzitsuekin, adibidez, Martxoaren 8arekin edo Azaroaren 25arekin) sentsibilizazio handiagoa izan dezan. Bere web gunean Gasteiz gayfriendly hiria dela esatearekin ez da nahikoa. Ez dugu nahi horrelako keinurik eta benetako inplikazioa exijitzen diogu udalari. Gure ustez, erakundeek, Gasteizko udala barne, mugimendu sozialei ahotsa ez emateko saiakerak egiten dituzte. Gure leloekin, pankartekin eta aldarrikapenekin “traba egitea” saihestu nahi dute.
Hortaz, nola ospatu nahi duzue eguna?
Aldarrikapenarekin, amorruarekin eta egoera ezagutzera emateko grinarekin ospatu nahi dugu eguna, sistema heteropatriarkalarekin amaitu nahi dugulako. Manifestazio aldarrikatzailea eta zaratatsua nahi dugu, entzun gaitzatela! Baina alaitasunez eta jai giroan ere ospatu nahi dugu, jakina!
Manifestazioaren ostean, Zaharraz Harrok antolatu duten herri bazkarira joango gara. Alde Zaharreko jai hauekin urte askotan egin dugu lan eta aurten are gehiago. Plazera da eurekin lan egitea. Iluntzean, 22.00etan El Viruta kantariaren kontzertua egongo da Gaztetxean. 00.00etan, guatekea izango da.
Ekainaren 28an aldarrikapenak eta jai giroak bat egingo dute Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Horretarako antolatu duten ekintza nagusia larunbatean, eguerdiko 13.00etan Andra Mari Zuriaren enparantzatik aterako den manifestazioa izango da. Transmarikabollo koordinakundearen kideekin kolektibo honen eskubideak aldarrikatuko dituen egunaz mintzatu gara.