Hurrengo igandera arte hamaika ekintza topatuko ditugu bertan; kontzertuak, hitzaldiak, kale animazioa, bazkari herrikoiak, umeentzako jolasak… Alde Zaharraz harro dauden antolatzaileekin izan gara, jaiaz eta aldarrikapenaz beteriko egitaraua hobeto ezagutzeko asmoz.
Nola definituko zenukete Zaharraz Harroren esentzia?
Jai partehartzaileak eta autogestionatuak izatea eta auzo harrotasuna bultzatzea dira Zaharraz Harroko ardatzak. Denon arteko elkarlan eta aldarrikapenean, guztion neurriko jai giroa sortzea hain zuzen. Beti, auzoak berak sortua eta auzoa beraren bizipenerako.
Horretarako, auzoko bizilagunen, eragileen edo kolektiboen ekarpenak ezinbestekoak dira, ezta?
Auzokide, komertzio, taberna eta kolektibo guztiek proposatutako jarduerak asanbladak jasotzen ditu eta horiek guztiak antolatzeko eta kudeatzeko lana egiten da. Asanbladan kolektibo zein elkarte ezberdinetako ordezkariak eta auzokideak biltzen gara eta egitaraua osotasun bateko forma hartzeko eta errealitate bihurtzeko helburuz astean behin topatzen gara. Parte hartzen duten eragile guztiak hartzen baditugu kontutan 200etik gora dira Alde Zaharreko jaietan bere ekarpena egiten dutenak. Batzuk jarduerak proposatzen, beste batzuk zozketan banatzen diren saskietarako produktuak eskainiz...
Nola da posible jai hauek urtero aurrera ateratzea?
Jende askoren esfortzua aldi berean biltzen denean proiektu handiak atera daitezke aurrera. Gure kasuan auzo honetako eragile guztion indarrez atera ditugu aurrera beti. Izugarrizko nahiera azaltzen delako Alde Zaharreko jendearen artean, eta konpromiso maila altua lortzen delako ilusioa dagoenean tarteko. Benetan Harro egoteko auzoa da gurea, Zaharraz Harro gaude, dudarik gabe!
Bidean lagunak galdu ditugu ere… Rafa maitea… Horrelako pertsonen oroitzapenak indarra besterik ez digu ematen aurrera egiteko etengabe beste urte batez.
Bestelako zangotrabak ere izan dira eta aurre egin diegu. Aurtengo epaiketa esaterako: 14 lagun izan ziren epaituak Audientzia Nazionalean Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketa baten ondorioz, terrorismoari gorazarre egitearen akusazioa tarteko. Azkenean absoluzioa eman zen, baina azken errekurtsoen agorpenaren zain daude oraindik lagun batzuk. Ia behingoz amaitzen den prozesu mingarri hau.
Aurten sei urte beteko dituzue. Egonkortasunaren bidean sartu zaretela esan daiteke, ezta?
Ematen du, bai. Jendeak ondo ezagutzen du jada Zaharraz Harroko astea, badaki nola parte hartu. Badaki ekimen iragazkorra dela, edozein aukera aurkeztu daitekeela gure filosofiaren parametroen barnean, eta eskatu gabe agertzen dira ideia interesgarriak urtero. Autogestioa eta parte hartzearen funtsa geroz eta barneratuago dago, gure poztasunerako.
Ekintzak beteriko astea prestatu duzue. Zaila bada ere, zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?
Mota guztietako jarduerak bildu dira egitarauan, zaila egiten da aukeratzea. Adin eta gogo ezberdinetako jendearentzat daude aukerak. Urteroko “klasikoak” dirau alde batetik: auzolana, zinema kalean, herri bazkaria (geroz eta jendetsuago!)…
Eta ekimen berezitxoagoak ere badaude: Gaztetxeko dokumentalaren estreinaldia esaterako. Herri krosa, egiten den lehenengo aldia da ere, eta aurtengo hitzaldiak oso itxura onekoak dira… Animatu parte hartzen! Orokorrean egitarau anitza eta, hasieran aipatu bezala, guztion parte hartzerako egokitua.
Norbaitek parte hartu nahi badu nora jo dezake?
Zapateneon biltzen gara asteazkenero, bertara hurbildu daiteke edo email bidez kontaktatu ere, proposamenen bat bota nahi izan ezkero: harrozaharraz@gmail.com
Informazio gehiago: Zaharraz Harro
Ekainaren 23an Gasteizko muinoan kokatzen den Rafa plazan jaurti zuten txupinazoak hasiera eman zien