Adibide argi bat daukagu Gasteizko Zabalganako auzokideok. 20.000 biztanle inguru daukan eta hurrengo urteetan beste milaka lagunekin handituko dela aurreikusten den auzo berri honetan, 2013ko azaroan ireki zuten azkenik anbulatorioa. Auzo berria izanda eta babesmen ofizialeko etxebizitza asko edukita, auzokideen zati handi bat gaztea da. Erraz suposa daitekeenez, Gasteizko auzo honetan dagoen euskaldun kopurua altua da, hiriaren beste auzo askorekin alderatzen badugu. Paziente euskaldun bakar bat badago ere eskubide hau bermatua egon behar dela jakinda, euskaldun kopuru handia duen auzo berri batean, non gainera ume asko jaiotzen ari eta jaioko diren, espero zitekeen gutxienekoa arreta euskaraz bermatua egotea zen. Izan ere, hiri mailan 2011an Gasteizko Udaletxeak egindako inkestaren datuen arabera hiriaren biztanleen % 22,5a euskalduna zen eta % 26,1ak ulertzen zuen neurri batean edo beste batean euskara, nahiz eta hitz egiteko gai ez izan. Datu hauek gure auzora estrapolatuta eta populazioaren adinen araberako osaketa kontuan hartuta, Zabalgana auzorako estimazioa honako hau da: lagunen % 27,84a euskalduna dela eta % 29,13ak euskara nolabait ulertzen duela. Hala ere, anbulatorio ireki berrian topatu gara egoera onartezin batekin. Hain zuzen ere, anbulatoriotik bertatik jasotako datuen arabera, 8 familiako medikuetatik bi euskaldun daude arratsaldeko txandan (beraz, goizean medikuarengana joatekotan ez dago atentzioa euskaraz jasotzerik), 4 erizainetatik euskaldun bakar bat dago eta 5 pediatretatik euskaldun bakar bat dago.
Zabalganako Euskara batzordetik jaramon berezia jarri zaio gai honi eta eskaera batzuk egin dira zerbitzua euskalduntzeko eta euskaldunon eskubideak bermatzeko. Gaur egun, jarraitzen dugu medikuntza-arreta euskaraz ziurtatuta izan gabe. Are gehiago, eta mediku euskaldunen bat gehitzetik haratago, medikuntza arreta ezin da mediku euskaldunak egotera mugatu, zeren eta beharrezkoa baita medikuntza-arretan parte hartzen duten beste eragileak ere euskaldunak izatea, erizainak kasu; bestela, bien arteko komunikazioa eta pazienteekikoa erdara hutsez geratzen da, mediku euskalduna egotea praktikan ezerezean geratzen.
Egoera honen aurrean Osakidetzari gure eskubideak errespetatzeko presioa egitea ezinbestekoa zaigu, argi baitago euskaldunon presiorik gabe ez dela aurrerapauso nahikorik emango. Izan ere, hamarkadetan zehar nahiko argi geratu da euskara ez dela lehentasun bat Osakidetzan. Hala ere, eta honi lotuta, badago beste eginkizun bat euskaldun guztioi dagokiguna: gure eguneroko bizitzan, arlo guztietan eta, are gehiago, instituzio publikoetan, euskaraz aritzeko eskubidea praktikatu. Izan ere, gure lehenengo hitza beti euskaraz izatea; ez badugu erantzuna euskaraz jasotzen behintzat egoera anormal hau agerian gera dadila, salaketa moduan ere.
Egilea: Iñaki Etaio
Iñaki Etaio, Ainara Escobar, Lander Goikoetxea, Idoia Larrinoa, Iker San Miguel, Zuriñe Lago, Anjel Txisbert, Zuriñe Lago, Arrate Uribarren, Mikel Arnaiz, Laura Briongos. Zabalganako Euskara Batzordeko kideak.