Olatzek 25 urte ditu. Telebistaren aurrean zegoela, 26 urtetik gorakoentzako krema baten iragarkia eman dute. Ez da eguzkitako krema bat, zahardadearen kontrakoa baizik. Alegia, iragarkiak Olatzi esan dio baduela garaia bere zahardade fisikoaz kezkatzen hasteko; likisteko aurpegia kremaz, ezkutatzeko irten ez zaizkion ile urdinak, hasteko altxatzen noizbait eroriko zaizkion bular eta gainerako gorputz-atal guztiak.
Elenak 56 urte ditu. Dantza-ikastaro batean izena eman du, eta adinekoen taldean sartu dute, 55etik gorako guztiekin batera, “erritmoari jarraitu ahal izan diezaion”. Orain dela gutxi, gainera, utzi egin dio lehenagoko gona laburrak eta mahukarik gabeko jantzi koloretsuak jartzeari; ez gustatzen ez zaizkiolako, baizik eta lagunek oso modu sotilean gogorarazi diotelako erridikulu hitza, lehenik, eta lotsa hitza, gero.
Luixak 79 urte ditu. Adinekoen zentro batean darama pare bat urte, eta bere lekuan du burua; hankak, ez hainbeste, eta bista ere, lauso samar. Horregatik, irakurtzea biziki atsegin bai, baina ezin du: ihes eta dantza egiten diote letra gandutsuek. Nahi luke norbaitek noizbehinka libururen bat irakurtzea hots handian, baina, horren ordez, biribilean eserrarazten dute beste zahar guztiekin batera, eta, “zentzumenak estimulatzeko”, jolas eginarazten diote, jolas, eskola bateko patiotik hartua dirudien pilota gorri batekin.