A, B, D ereduak Arabako eskoletan

hirinet 2014ko eka. 24a, 02:00

Berriki EAEko Hezkuntza Sailak 14-15 ikasturterako matrikula aurreikuspen datuak jakinarazi ditu www.hezkuntza.net webean (ikus, nahi baduzu, Hezkuntza- Estatistikak).

 

Datu garrantzitsuak dira, adibidez, hizkuntza ereduen bilakaera aztertzeko, eta, ondorioz, euskarazko irakaskuntzaren zabalkundea neurtzeko. Arabari buruzkoak ekarriko ditugu hona. Argiak eta ilunak badaude; argiago amaitzeko, datu ilunekin hasiko gara, hain zuzen ere ikasmaila altuenetako datuak:

 

Batxilergoa eta Lanbide Heziketa

 

Ez Batxilergoan, ez Lanbide Heziketan oraindik ez daude 2014-2015erako aurreikuspenak, baina 13-14 honen matrikularen datu zehatzak baditugu. Araban ikasturte honetan Batxilergoan egon diren ikasleen matrikulazioan, oraindik ere, gehiago dira A eredukoak (2.383 ikasle) D eredukoak baino (2.143 ikasle): hamar ikasletik seik ikasten dute A ereduan Arabako Batxilergoan. Ikastetxe publikoetan D eredua nagusia da 1.285 ikaslerekin (eta 1.020 A ereduan), eta pribatuetan A ereduak ditu ikasle gehien, 1.363 hain zuzen ere, D ereduko 858 ikasleren aldean. 

 

Lanbide Heziketari dagokionean, egoera are kezkagarriagoa da. 3.880 ikasletik bakarrik 520 daude D ereduan (% 13,4), gehienak irakaskuntza publikoan: Lanbide Heziketa euskaraz egiten ari diren 520 ikasle horietatik 450 daude ikastetxe publikoetan. Badugu erronka handia euskarak arnasa har dezan lan mundura jo aurreko ikasketetan. Ala pentsatu behar dugu euskaraz ikastea ume txikien kontua dela soilik? Gizartean gero eta eragin handiagoa izateko, garrantzitsu izan daiteke da euskarak lekua izatea lanari begirako ikasketetan.

 

Derrigorrezko Irakaskuntza

 

Gainontzeko ikasmailetan errealitatea hobea da. EAEko Hezkuntza Sailak jakitera eman dituen aurreikuspenen arabera, D ereduan etengabeko hazkundeak jarraitzen du, mantso-mantso, hori bai. Azken bost urteetako datuak erkatuz gero, honakoa daukagu DBHn:

 

DBH

08-09 ikasturtea

13-14 ikasturtea

D

% 34,87

% 44,18

B

% 31,00

% 32,98

A

% 34,13

% 22.84

 

 

Duela bost urte hiru ereduak hiru herenetan banatuta bazeuden ere, joera argia du D ereduak, hau da, euskarazko irakaskuntzak, nagusitzeko, batez ere A ereduaren kaltean. Albiste ona da, eta are pozgarriagoa Lehen Hezkuntzako datuek joera hori berresten baitute:

 

LEHEN HEZKUNTZA

08-09 ikasturtea

13-14  ikasturtea

D

% 38,81

% 49,87

B

% 44,27

% 41,59

A

% 16,92

% 8,54

 

 

Aldaketak hizkuntza ereduetan ezin dira oso azkarrak izan, normalean ume txikiarekin hautatzen den eredua mantentzen baita eskolatua dagoen aldian zehar, hau da, gutxienez 13 urteetan zehar (3 urte duenetik 16 urte bete arte, derrigorrezko eskolatze aldia amaitu arte). Beraz, berebiziko garrantzia du Haur Hezkuntzaren aukeraketak, horrek baldintzatzen baitu sistemaren eboluzioa datozen urteetarako. Arabari buruz jakitera eman diren datuetan euskarazko irakaskuntza indartzen doala eta A eredua bazter-bazterrekoa dela ikus dezakegu:

 

HAUR HEZKUNTZA

08-09 ikasturtea

13-14 ikasturtea

D

% 48,18

% 57,78

B

% 45,66

% 38,73

A

% 6,16

% 3,49

 

 

Hauek dira datuak eta hauek dira joerak. Azkarrago joan litezkeela gauzak? Seguruenik bai. Oraindik ere askoz gehiago egin daitekeela, bereziki Lanbide Heziketan? Dudarik ez. Botila erdi betea edo erdi hutsik, zeuk erabaki. Hala ere, nire ustez, norabide onean doaz gauzak. Ez dut euskaltzale ezkor dramatikoaren papera egin nahi, errealitatea gustatuko litzaidakeenetik urrun samar dagoelako. Nik, behintzat, aspaldi erabaki nuen botilan dagoen ardoari arreta jartzea, bertan ez dagoen edariarekin nekez gozatu ahal delako.

 

 

Egilea: Josean Bueno Saez de Albeniz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago