Libe: "Oso landutako 11 abesti lagun desberdinekin, urteetan zehar eta oso ondua, horretan datza 'Ihesaldi handia'ren aberastasuna"

hirinet 2014ko eka. 20a, 02:00

Neubat talde gasteiztarrean hasi zuen bere ibilbidea Libe García de Cortázarrek.

 

Sorkun eta Ekon-en partaide izan da eta Izaki Gardenak taldearekin bi disko argitaratu ditu. Hala ere, bere kantu propioak lantzeko denbora ere aurkitu du eta horretan ibili da isilpean azken urteotan. Orain gutxi, ‘Ihesaldi handia’ bere lehen diskoa kaleratu du; eskarmentu handiko gasteiztar musikariez lagunduta:  Atxus (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes) baxuan, Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) gitarran eta Eneko De Arza (Naüt, Trumbo) baterian. Datorren ekainaren 24an, 20.30ean, Parral Tabernan kontzertua eskainiko dute, GEU elkarteak antolatuta. Bien bitartean, Libek diskoaren xehetasun guztiak azaldu dizkigu.

 

Iaz hasi zinen zure abesti propioak taularatzen baina orain ‘Ihesaldi Handia’ diskoarekin zatoz Parral tabernara. Pozik emaitzarekin?

Ba bai, oso pozik emaitzarekin. Grabaketa hasi genuen pasa den urteko irailean, hasieran gure asmoa zen epe laburrean diskoa ateratzea, baina jakina da gauza hauetan epeak luzatzen direla. Egia da hilabeteak pasatu direla baina nahiz eta askotan denbora galtzeko sentsazioa eduki, edo desesperatu, emaitzari begiratuz badakigu gauzak ondo egiteko denbora behar dela eta presa ez dela ona. Gainera abesti hauek haien urteak dituzte eta uste dut disko honen prozesuak patxada behar duela.

 

Talde berri baten lehen lana bada ere, disko landu eta heldu baten aurrean gaude. Zer aurkituko dugu bertan?

Oso landutako hamaika abesti lagun desberdinekin, urteetan zehar eta oso ondua, horretan datza "Ihesaldi handia"ren aberastasuna.  

 

Ihesaldi handia da, baina nora, bada?

Harrapatzen gaituenetik askatzera, arnasa hartu ahal izateko, nahi duguna izateko. Guztiok era batean edo bestean ihes egin nahi izan dugu estutzen gaituen horretatik.

 

  

Kostatu zitzaizun kanta hauek konposatzea? Nolakoa izaten da zuretzat sortze prozesua?

Kanta hauek sortu nituen duela urte batzuk esperientzia pertsonal txar bat pasatu ondoren. Momentu horretan atera zitzaizkidan ideiak dira eta gaizki nengoenez sortutako melodiak ez dira oso baikorrak edo alaiak. 

Normalean esertzen nintzen pianoaren aurrean eta batzuetan gauzak politak agertzen ziren, adibidez "Hustua", "Jaio naiz" edo "Nahigabe" pianoarekin eginak dira, baina gitarrarekin ere, melodiak egiteko moldatzen naiz, kontzertu bat egiteko ba ez, baina konposatzeko bai. "Mamuak", "Urratsak" edo "Negu beltza" abestiak goitik behera gitarrarekin egin nituen, baina beste batzuk bai gitarrarekin bai pianoarekin konposatu nituen. 

Baina diskoan aurkitu daitezkeen abestiak ez lirateke gauza bera izango taldekideen ekarpenak gabe. Guztion arteko lanaren emaitza da.

Hitzak egiten edozein hizkuntzatan oso txarra naiz, eta gainera euskaldun berri berria naizenez ez naiz batere trebea. Kantu pare batean Jon Basagurenek testuei forma ematen bukatzen lagundu dit, eta beste lau abestiri hitz brutalak jarri dizkie, sentiberatasun eta talentu handia du.

 

 

Zer diote lan berri honen letrek?

Musika pisutsua, tristea edo iluna denez, ba letrak ere bai. Amodiaren sentimenduak, aurrera egiteko indarrak, edo pertsona maite batengatik dolumina.

 

 

Prozesu honetan Joseba Ponce musikariaren laguntza izan duzu. Zertan lagundu zaitu?

Josebaren laguntza oso garrantzitsua izan da. Bost abestitan parte hartu du arregloak egiten, Estatu Batuetako ekoizle batek bezala… kar, kar. Kantu hauek biluzik pasatu nizkion eta berak jantzi egin ditu. Batzuetan abesti baterako azaltzen nuen ze gitarra edo erritmo eskatzen zidan abestiak eta berak programatzen zuen, baina bestetan bere kabuz egin ditu moldaketak, guztietan bere xarma nabaria da.

Gero aparte, CD-aren zazpigarren abestia, "Gurinezko bihotza" berea da osorik eta bateria, gitarrak eta baxua  grabatu ditu, gutxi barru aterako duen diskoan egin duen bezala.

 

Eskarmentu handiko Gasteizko musikariekin batera landu eta moldatu duzu disko berri hau. Norekin? Zergatik musikari hauek?

Musikari bikainak direlako eta batez ere izugarri ondo pasatzen dudalako lokalean jotzen haiekin.  Atxus eta biok urte askotatik egon gara jotzen Neubat taldean edo Sorkunekin eta konplizitate handia daukagu lokalean. Baxuak pisu handia du diskoan eta Atxusek arregloak gustu handiarekin egiten ditu. Gitarrak Txus Villalabeitiarenak dira, egia esan duela gutxitik ezagutzen dudan tipo bat da baina izugarri ondo konektatu dugu. Oso berezia da Txus eta musika egitean hori abantaila handi bat da, asko transmititzen dit. Enekorekin abestiak garatzea eta zuzenean jotzea gozada bat izan da, oso langilea da eta diskoan bere onena eman du. 

 

Bonberenea Ekintzak-eko Karlos Osinaga musikariaren gidaritzapean grabatu duzue diskoa. Zer moduz esperientzia?

Gogoan gordetzeko moduko esperientzia. Grabaketaren lehenengo egunean krisialdian sartu ginen taldekideok, presiogatik blokeatu ginen eta oso zorrotzak garenez gure buruarekin korapilatu ginen, eskerrak Txap gurekin zegoela, egoerari buelta eman zion eta izugarri lagundu zigun. Teknikari ona izateaz gain izugarri inplikatu da proiektuan bere ukitua emanez eta azkenean horrek ere emaitza hobetzen du. Guztiok berarekin eskarmentua bageneukanez grabatzen, estudioko giroa oso ona eta dibertigarria izan da, ahaztezina.

 

 

Diskoaren azalean agertzen den argazkiak ihes egiteko beharra sentiaraz dezake, ezta?

Portadan urpeko eskapismo trikimailu bat egiten agertzen naiz. "El truco final" pelikula ikusi nuenean, bururatu zitzaidan portadarako ideia, eta bigarren abestiaren izenburua hartu nuen hitz joko bat bezala. Argazkia Dani Arrizabalaga argazkilariak egin du, Mendizorrotzako igerilekuetan. Diskoaren diseinua ere zaindu nahi nuen, horretarako Danik egindako argazkiak eta Marcial Justelen ilustrazioak eta collageak erabili ditugu. Liburuxkan ikus daiteke irudi batean abesti bakoitzak esan nahi duena.

 

 Diskoa kalean orain zuzenekoan aurkezteko garaia izango da ezta? Hurrengo kontzertuak non?

Asmoa da irailetik aurrera kontzertuak ematea, errepertorio hau aretoetan edo tabernetan entzutekoa da. Gure abestiak ez dira eguzkipean entzutekoak, gau ilun eta hotzetan baizik. 

 

 

Irudiak: Dani Arrizabalaga

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide