Ekainaren 20tik aurrera udari ongietorria emango diote Judimendiko jaiek

hirinet 2014ko ekainaren 18a

Urtero bezala eta udako solstizioarekin batera, San Joan jai herrikoi eta ospetsuak datoz.

 

Gasteizen Judimendikoak dira ezagunenak, baina Arriaga bezalako auzoetan ere ospatu ohi dituzte. Judimendiko jaiak ofizialki ekainaren 20an, ostiralean, hasiko dira, baina orain dela egun batzuk ekin zioten ospakizunari. Horrez gain,  jaien atarian, auzoko gazteak aste kulturala burutzen ari dira, hitzaldi eta tailer ezberdinak antolatuz. Aste kultural honi amaiera emango diote ekainaren 21eko Gazte Egunarekin.

 

 

 

Judimendiko jaietarako ere ekintzaz betetako egitaraua prestatu du auzoko eragileek zein bizilagunek osatutako batzordeak. Aurtengo berritasunen artean, ekainaren 22an Bapatean Zirko konpainiak eskainiko duen ‘Taberna’ antzezlana eta 23an izango den ‘Kuadrilen arteko herri jolasak’ nabarmendu ditu June Oguizak, Judimendiko jaien batzordeko kideak.

 

Betiko jardueren artean, ezin ahaztu jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Ekainaren 20an, 19.30etan Auzoko Momotxorro eta Auzo Elkartearen eskutik. Dantza plaza, pintxo-potea eta kantu afariaren ostean, musikaz gozatzeko parada egongo da Sefarad plazan, Maldan Behera eta Indarrap taldeei esker. Hurrengo eguna, 22a, gazteen eguna izango da eta goizeko 11.30etik aurrera hainbat ekintzez gozatuko dute: jolasak, triki poteoa, bazkaria, kalejira eta Musikgerrilla eta Odolkiak Ordainetan taldeen kontzertuak.

 

Saltsa erakustaldia, herri kirolak, antzerkia eta Lobo & Carmine bikotearen kontzertua aurkituko ditugu iganderako prestatu duten programan. Oraindik ere, jai giroarekin jarraitzeko grina dutenek astelehenean ekintzaz betetako egitaratua topatuko dute. Izan ere, San Joan gaua ospatuko da ekainaren 23an Judimendi auzoan. Suak eta konjuruak ez dira faltako. Ezta musika ere; oraingo honetan Joselu Anaien eskutik.

 

Judimendiko Gazte Egunaren kartela

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago