Ekainaren 19an Merkatu Etikoa antolatuko dute Mugarik Gabek eta Esnetik-ek

hirinet 2014ko ekainaren 18a

Bertakoa, zuzena, gardentasunarekin eta transgenikorik gabe.

 

Horrelakoa izango da ekainaren 19an Mugarik Gabe GKEk eta Esnetik kooperatibak elkarrekin antolatuko duten merkatu etikoa. Helburua bertakoa, jasangarria eta etikoa den ekoizpen eta kontsumo eredu bat bultzatzea da. Oraingo honetan, esnekiak izango dira protagonista Elikadura Burujabetza aldarrikatzeko.


 Horretarako Esnetik kooperatibaren laguntza izango dute. Berau Orozkon kokatzen da eta bertakoa eta zuzena den merkaturatzearen alde egiten du, bederatzi baserrietako esnea jasotzen dute eta 50 kontsumo talde baino gehiagotan banatzen dituzte produktuak. Horrez gain, esnearengatik bidezko salneurri bat defendatzen dute, industriak proposatzen duenaren %30a gehiago. Bide batez, abereen elikaduratik transgenikoak eta esnekien ekoizpenean gehigarriak kendu dituzte.

 

Ekitaldi honen bidez, esnearen industriaren eta Euskal Herriko merkatal gune handien gehiegikeriak salatuko dituzte Mugarik Gabek eta Esnetik-ek. “Izan ere, esnearen ekoizpen tradizionala alde batera utzi, lanpostuak galarazi eta bertako kultura eta tradizioak kaltetzen ari dira” adierazi dute.

 

Merkatu Etikoa ekainaren 19an egongo da Korreos plazan, 10.00etatik 19.00ak arte.

Informazio gehiago: Mugarik Gabe

 

 


 
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago